Eibartarren hartu-emanetarako plataforma sortu nahi dute
Eibartarren hartu-emanetarako plataforma eratu nahi dute, dirua erabili barik produktu, zerbitzu eta ibilgailuen erabileraren inguruko elkartrukaketa ahalbidetzeko. Hala azaldu dute gaur (astelehenena, hilak 4) Mª Jose Telleria Garapen Ekonomikoa, Berrikuntza eta Enplegu zinegotziak eta Shareak enpresako Izei de Velascok prentsaurrekoan. Telleriaren berbetan, "gaur egun dagoen egoera ekonomikoa dela-eta, ikasketak dauzkaten askok ezin dute ikasitakoa praktikan ipini, adibidez atzerriko hizkuntzen arloan, baina plataforma eratzeko interes nahikoa izanez gero, arlo askotan hamaika aukera zabaldu daitezke. Horregatik, lehenik eta behin jendearen interesa zein den ikusi nahi dugu, hemendik Gabonak bitartean 70 bat lagunekin sarea osatzeko moduan bagaude, orduan interneten plataforma sortzeko. Aurreko astean herriko kolektiboei aurkeztu genien asmoa eta orain jendearen erantzuna nolakoa den ikusi beharko da".
Shareak kontsumo kolaboratiborako elkarteko Izei de Velascok azaldu duenez, "ez gatoz ezer berria asmatzera. Betidanik egon da erabiltzen ez den zerbait beste bati ematea erabaki duen jendea, baina azken urteotan gure erosketa ahalmena oso handia izan da eta, bestalde, herrietan lehen baino jende gehiago bizi denez, ez dugu elkar ezagutzen eta horrek gure artean gauzak elkartrukatzea zaildu egiten du. Horregatik, asmoa da produktuak saldu edo alokatzeko, zerbitzuak eskaini edo jasotzeko eta ibilgailua partekatzeko eibartarren plataforma modukoa sortzea, transazio horiek errazteko. Ez da dirurik erabiliko, euroaren pareko beste txanponen bat baino eta txanpon hori erosteko modurik ez da izango".
Plataformako kide modura izen-emateko edo informazio gehiago jasotzeko, aste honetan hasita eguaztenero Portalean egongo dira Shareak-eko ordezkariak, 4. solairuan, goizez 10.00etatik 13.00etara eta arratsaldez 17.00etatik 20.00etara eta jendea bertara gerturatzera animatu nahi dute. Izan ere, "askotan norberak zer eskaini edo jaso dezakeen ez du jakiten eta gu horretan laguntzeko prest gaude, nahi beste azalpen emateko moduan izango gara Portalean".