EKD Trail Taldea aurkeztu zuten atzo arratsaldean Deporren

Urtarrilean jarri nahi dute martxa betean taldea eta zabalik dago izena emateko aukera
EKD Trail Taldea aurkeztu zuten atzo arratsaldean Deporren
2026/10/02 12:23
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboaren egoitza jendez bete zen atzo arratsaldean, EKD Trail Taldearen aurkezpenean. Azken urteotan nabarmen egin du gora mendian korrika egiteko zaletasunak eta horren ondorio da Deporrek bultzatutako talde hau. “Beste herri batzuetan egin den bezala, Eibarren ere horrelako talde bat sortu behar zela iruditzen zitzaigun”, azaldu zuten aurkezpenean Mikel Arriola eta Ander Egurrola mendi-korrikalariek.

Taldeak dituen helburuak azaltzen hasi zuten aurkezpena Arriolak eta Egurrolak. Hasteko, 2027. urterako trail taldea atera nahiko lukete, hau da, taldea urtarrilean jarriko litzateke martxan. Mendian korrika egiten duen jendea batzea da beste helburuetako bat, komunitatea sortuz. Taldeak izaera irekia du eta maila guztietako jendeak hartu ahal izango du parte. Izan ere, giro ona eta talde izaera sortzea da beste helburuetako bat.

 

Ekimenak urritik abendura

Hori sustatzeko, ekimen ezberdinak egingo dituzte eta, taldea urtarrilean martxa betean jartzeko asmoa izan arren, urritik abendura arte hainbat gauza egingo dituzte. Urriaren 18an, Udazken Trailean hartuko dute parte, KKT-k antolatutako ibilaldian. Urriaren 29an, Igone Camposek nutrizio hitzaldia eskainiko du, Teknikerren babesarekin. Euren babesarekin baita ere, azaroaren 19an, entrenamenduen buruzko hitzaldia egingo da (hizlaria zehazteke dago) eta, abenduaren 24an, Gabon Traila egingo da.

 

Izena emateko

Esan bezala, izaera irekia du EKD Trail Taldeak, edonork ditu taldearen ateak zabalik, baina gutxienez bi baldintza bete beharko dira: Eibarko Klub Deportiboko Bazkide izatea eta mendian federatuta egotea.

Taldearekin harremanetan jartzeko Instagrameko kontua sortu dute: @ekdtrailtaldea. Bertan emango dute taldearen ekimenen berri eta hortik jarri zaitezkete eurekin harremanetan.