Ekintzailearen Eguna hartuko du Debegesak gaur arratsaldean
Aurten ere, azken urteotan egindakoaren bidetik, Ekintzailearen Eguna antolatu dute Debegesan, "ekintzaileen lana aitortu, esperientziak elkartrukatu, proiektu berriak ezagutzera eman eta Debabarrenean ekintzailetasuna sustatzeko asmoari jarraituta".
Maiatzean ekintzailetasunarekin lotutako hainbat jarduera garatzen diharduten arren, ekitaldi nagusia gaur (martitzena, hilak 28) egingo da Debegesaren egoitzan (Azitaingo industrialdean). Ekitaldia antolatu dutenen berbetan, "martitzeneko ekitaldian gure eskualdean enpresa berriren bat sortu nahi dutenen eta dagoeneko ekimen berriren bati heldu eta sendotzekotan direnen arteko harremanak bultzatuko dira. Horrekin batera, ekintzaileen eta udaletako zein beste erakundeetako ordezkarien arteko topagune egokia izango da ekitaldia".
Enpresa azoka, eztabaida eta sariak
Egunerako antolatu duten egitarauari arratsaldeko 18.00etan ekingo diote, Enpresen Azokarekin. Bertan gure eskualdean eratu berri diren enpresek euren produktu eta zerbitzuak ezagutzera emango dituzte. Gainera, azokan parte hartzen izango diren enpresa horien guztien produktu eta zerbitzuak zozketatuko dituzte bisitan joandakoen artean. Ekitaldira joandakoei ongi-etorria egin eta jarraian, 18.30etan eztabaida irekia egingo dela aurreratu dute antolatzaileek. Eztabaidarako aukeratutako gaia, berriz, Debabarrenako etorkizuna da: "Eztabaidari ekiteko Debabarrenean ekintzailetasun grinak bizirik dagoen ala ez galdetuko dugu eta gonbidatuek horren inguruan jardungo dute berbetan. Eztabaida Twitter bidez zuzenean jarraitu nahi duenak horretarako aukera izango du, #EKeguna13 hashtag edo hitz-gakoa erabilita".
Eta egitaraua agurtu aurretik Debabarrena Ekinean errekonozimenduak banatuko dituzte 2012. urtean nabarmendu diren eskualdeko ekintzaile eta enpresa proiektuak saritzeko: Plus Ekimena, Iraunkortasuna eta Talde-lana sariekin batera, industria arloan nabarmendu den eskualdeko enpresa bati saria emango diotela azaldu dute.