On Ekin lehiaketaren edizio berria abiatu du Ekingune elkarteak
Gure eskualdeko enpresa eta ekintzaileen ekimenak sustatu eta bistaratzeko asmoz Ekingune elkarteak antolatzen duen On Ekin lehiaketaren XII. edizioa martxan dago. Barixakuan egin zuten aurkezpena Jon Iraola alkateak, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak eta Leticia Sanchez Ekingune elkarteko koordinatzaileak.
Azaldutakoaren arabera, negozio-ideia berritzaileak izan eta martxan jarri nahi dituzten ekintzaile eta enpresei zuzenduta dago lehiaketa, eta jende guztia parte hartzera animatu nahi dute antolatzaileek. Izen-ematea zabalik dago eta urriaren 8ra arte egongo da izena emateko aukera, Ekinguneren webgunean. Lehiaketari buruzko xehetasunak ere bertan kontsultatu daitezke.
Aurreko edizioetan bezala, finalistek beraien proiektuak jendearen aurrean aurkeztuko dituzte, urriaren 17an Errebal Plazan egingo den ekitaldi berezi batean, eta horretan parte hartu nahi dutenek aipatutako helbidean eman dezakete izena.
Lehiaketan parte hartzen dutenen artean bi sari banatuko dira: epaimahai batek hautatuko duen On Ekin Saria (Laboral Kutxak finantzatuko duen 2.000 euroko saria); eta Errebalen egingo den ekitaldira bertaratzen direnek aukeratuko duten herri-saria (Udalak finantzatutako 1.000 euroko saria, gehi ekitaldirako sarreren salmentari esker batzen duten kopuruaren zati bat).
Adimen artifizialari buruzko prestakuntza-saioa
On Ekin lehiaketarekin batera, Ekingunek adimen artifizialari buruzko prestakuntza-saio bat antolatu du irailaren 19rako. Gaian aditua den Imanol Teranek emango duen saioa Armeria Eskolan izango da, 09:00etatik 13:00era, eta parte hartzeko interesa duenak Ekinguneren webgunearen bidez eman dezake izena.