Ekonomia Zirkularraren Iraunkortasunaren eta Ekintzailetza Berdearen I. Foroa egingo da bihar Portalean

Ekonomia Zirkularraren Iraunkortasunaren eta Ekintzailetza Berdearen I. Foroa egingo da bihar Portalean
2019/04/10 15:36
eta kitto!
Eibarko Udalak aste honetan jarriko du martxan Ekonomia Zirkularraren, Iraunkortasunaren eta Ekintzailetza Berdearen I. Foroa, bihar Portaleak hartuko duen jardunaldiarekin. Inaugurazioan Iñaki Arriola Etxebizitza eta Ingurumeneko kontseilaria eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Publikoetako foru diputatua egongo dira.

Goizeko 09:00etatik 14:00ak arte, Portaleko areto nagusira joaten direnek hainbat mahainguru eta hitzaldi entzuteko aukera izango dute, ekonomia zirkularrari buruzko ekimen publiko zein pribatuak gertutik ezagutzeko. Inaugurazio instituzionala, Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren zinegotziaren eskutik izango da, 09:30ean, eta ondoren Iñaki Arriolak eta Jose Ignacio Asensiok "Ekonomia Zirkularra:  Gakoak eta Aukerak Enpresen Garapena eta Enplegua Sortzeko" izenburuko mahai-inguruan hartuko dute parte.

Ondoren, Esperanza Caro Sevillako Udaleko Ekonomia eta Merkataritzaren Zuzendari Orokorrak "Gobernuen tokian tokiko estrategiak Ekonomia Zirkularra garatzeko" gaia izango du hizpide. Jarraian, mahai-inguru bat egongo da honako gai honekin: "Adibideak eta gakoak enpresaren arrakasta lortzeko ekonomia zirkularraren esparruan". Bertan Circular Hub Euskadi eta BTM Simbiosis-en ordezkariek hartuko dute parte, Beatriz Juez Ekonomia Zirkularraren Goi Bileraren Euskadiko enbaxadoreak gidatuta.

Jardunaldia amaitzeko beste mahai-inguru bat egongo da: "Proposamenak eta Gakoak gure lurraldean Ekonomia Zirkular eta Ekintzailetza Berdearen estrategiak aplikatzeko". Solasaldian Alfredo Bezos (Eibar Clima Lab-en kontsultorea eta sustatzailea), Aitor Urresti (EHUko zuzendariordea, Energia Berriztagarrien Ingenieritzako Graduduna, eta Climaton-en sustatzailea), Aitziber Cortazar (Debegesako Turismo eta Garapen Iraunkorraren arduraduna) eta Maria Teresa Machado (Palo Alto Fundazioaren zuzendaria eta Ekonomia Zirkularraren Goi Bileraren enbaxadorea) egongo dira parte hartzen.  Foroa nahi duten guztientzat zabalik egongo da, toki guztiak bete arte.

egitaraua