“El amor brujo” bere jatorrizko bertsioan eskainiko du bihar Andres de Egiguren Orkestrak
2021/11/05
18:09
eta kitto!
Andres de Egiguren Orkestrak Manuel de Falla musikariaren “El amor brujo, 1915eko jatorrizko bertsioa” ikuskizuna eskainiko du bihar, 20:00etan Coliseo antzokian. Pedro Palacinek zuzentzen duen orkestrak Cristina del Barrio abeslaria eta Karmele Etxeberria, Maite Lorenzo eta Juanma Cano aktoreak izango ditu lagun taula gainean. Lana Pastora Imperio kantari eta flamenko-dantzariak bi espezialitateetan espresatzeko egin zuen eskaerari erantzuteko sortu zen. Testua Maria Lejarraga dramaturgak idatzi zuela uste dute. Izan ere, aurreko mendearen hasieran feminista aktiboa izandakoak Gregorio Martinez Sierra, bere senarraren izenekin sinatzen zituen bere lanak, sasoi hartan emakumeek horrelakoak argitaratzeko zituzten oztopoak zirela eta. Sarrerak 10 euro balio du, 7 euro Coliseoaren Lagunak txartelarekin, eta aldez aurretik erosteko aukera dago, gaur 17:30etik 19:30era edo Kutxabank-en bidez edo, bestela, bihar, ikuskizunaren aurretik.