"Él me llamó Malala" dokumentala eskainiko dute barixakuko zine-forum saioan

Saioa 18:30ean hasiko da Portaleko areto nagusian.
"Él me llamó Malala" dokumentala eskainiko dute barixakuko zine-forum saioan
2025/02/12 10:00
eta kitto!

"ÉL ME LLAMÓ MALALA" dokumentala ikusteko aukera izango dugu bihar Pagatxak antolatutako eta Yanire Sagredok dinamizatuko saioan. 18:30ean hasiko da Portaleko areto nagusian.
 
2009an Pakistango talibanek, Pakistango ipar-ekialdeko Swat harana kontrolatzen zutenean, haien neurrietako bat neskatoak eskolara joatea debekatzea izan zen. Orduan Malala Yousafzaik 12 urte zituen eta bere ikaskide gehienek eskolara joateari utzi zioten beldurragatik. Baina Malala ia ezkutuan joaten zen, uniformerik gabe, bere liburuak ezkutatuz.

2012ko urriaren 9ko arratsaldean, Malala Yousafzai –15 urte zituen orduan– eskolara joan zen egunero bezala. Gizon armatu talde batek beragatik galdetu eta irteeran itxaron zioten. Gero, eskola-autobusera igo, buruan eta lepoan tiro egin, eta heriotzaren ertzean utzi zuten. Ikasi ahal izateko talibanei aurre egin zien emakume gazte honen gertaerak nazioarteko hedabideak sumindu zituen eta munduari bira eman zion.

Dokumental honek Bakearen Nobel Saria jaso zuen ekintzaile pakistandar honen istorioa kontatzen du. Nazio Batuen aurrean egindako hitzaldian, bere herrialdeko emakumeen zapalkuntzaren aurkako eta emakumeentzako hezkuntzaren aldeko deia egin zuen.