Electrocicloseko lau bizilagunek aurkeztu dute Eibarko Udalean euren etxebizitzak saltzeko beharrezkoa den dokumentazioa
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu zuen bere garaian, Eibarko alkatearen eskariz, trenbide parean dauden Elektrozikloseko beheko solairuko etxebizitzak erosteko, jabeek hala eskatuz gero. Udaletik esan dutenez, "konpromiso horren helburua, lehen egunetik bizilagunei helarazi zitzaiena, zera da: pasealeku berriaren proiektuak Elektoziklosetik igarotzean eragin ditzakeen eragozpenak arintzea".
Aurreikusitako proiektu nabarmenenak hauek dira: babes sozialeko etxebizitzak eraikitzea Rafael Lapeyra industria-eraikin zaharrean; Hijos de Gabilondo enpresa zaharraren instalazioak eta ingurunea birgaitzea; eta Estaziño eta Azitain arteko oinezkoentzako pasealekua sortzea, trenbidearen trazadura estaliz.
Azken proiektu horrek Barakaldo kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakietako trenbide aurreko etxabeetan (Elektrozikloseko babes ofizialeko eraikina) izan ditzakeen eraginak arintzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Udalak hala eskatuta, konpromisoa hartu zuen bere garaian egoiliarren etxebizitzak erosteko edo beste etxe batzuekin trukatzeko Eibarko beste leku batzuetan.
"Adostutakoa betez, Eusko Jaurlaritza eta Udala 4 salmenta-eskari gestionatzen ari gara une honetan", diote Udaletik. Horren harira, azken asteotan, lau bizilagunek aurkeztu dute Eibarko Udalean tramitea betetzeko beharrezkoa den dokumentazioa. "Gainera, Eusko Jaurlaritza hasi da haiekin hitz egiten, xehetasunak eztabaidatzeko eta salmenta-eragiketak gorabeherarik gabe egiten direla bermatzeko", azaldu dute.
“Neurri honek konponbide justu eta ekitatibo bat eman nahi die bizilagunei. Egingo genuela agindu genuen eta egiten ari gara”, adierazi du Jon Iraola alkateak. “Erakundeen arteko lankidetza (kasu honetan Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin) eta egoiliarren parte-hartze aktiboa giltzarri dira proiektu urbanistiko hauen arrakasta eta hiriaren epe luzeko ongizatea bermatzeko”, gehitu du Iraolak.
Gogoratu duten moduan, "Eibarko ekialdea deiturikoak (Barakaldo, Barrena eta Azitain kaleak) aldaketa urbanistiko handiak izango ditu datozen hiru urteetan, hainbat proiektu estrategikoren bidez, ekialdea birgaitzea eta nabarmen hobetzea ahalbidetuko dutenak. Horretarako, 30 milioi eurotik gorako inbertsio ekonomikoak egingo dira".