Elgoibarreraino doan bidegorriak komun publikoa izango du Maltzagan
2023/11/10
11:15
eta kitto!
Aurreikuspenak betetzen badira, Maltzagako komun publiko berri hori martxan egongo da urtarrilaren amaierarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak data hori ipini duelako epe-muga bezala Eibar eta Elgoibarren arteko bidegorrian dagoeneko hasita dauden argiztapen-lanak amaitzeko.
Komun publikoa Maltzagan kokatzeko asmoa dute, Delteco enpresak okupatzen zituen instalazioen inguruetan. Eibar eta Elgoibarko Udalek Diputazioarekin lotutako hitzarmenarekin bidegorriaren erabiltzaileek berau egin zenetik egindako eskaerei erantzuten diete.
Eibarko Udalak obra zibila lizitaziora ateratzeko behar diren baldintza-orriak amaitzen dihardu, komun publiko hori Ego eta Deba ibaitik datozen hondakin-urak jaso eta Apraizeko araztegiraino eramaten dituen kolektorearekin lotuko dute-eta. Berez garbituko den komuna Elgoibarko Udalak erosi zuen orain dela bi urte (Diputazioak diru-laguntza emanda) eta mantenimendua bi udalen artekoa izango da.