Elikadura-sektorerako erosketa-bonuak erosi daitezke oraindik

Urriaren 6ra arte egongo da erosteko aukera, erosieibarren.eus web orrian.
Elikadura-sektorerako erosketa-bonuak erosi daitezke oraindik
2026/10/02 15:11
Silbia Hernandez Arrazola

Elikadura-sektoreko establezimenduetan merkeago erosi ahal izateko erosketa-bonuen kanpaina dago martxan, Eibarko Udalaren eta Eibarko Dendarien Elkartearen (EDE) eskutik.

Irailaren erdialdera hasi zen bonuen salmenta, www.erosieibarren.eus webgunearen bitartez, baina oraindik badago bonuak erosteko aukera, urriaren 6ra arte. Gainera, gaurtik hasita, kopuru mugarik gabe eros daitezke. 

Edizio honetan, bonu bakoitzak 50 euroko balioa dauka, eta 40 euroren truke erosi ahal izango da, horrela 10 euro aurreztuz. Kanpaina Eibarren erroldatutako herritarrei zuzenduta dago, eta bonuak Eibarko Dendarien Elkarteko establezimenduetan erabili ahal izango dira, urriaren 9ra arte. Egun horretatik aurrera, ez dute baliorik izango.

Hauek dira kanpainarekin bat egin duten establezimenduak: Andia harategia, Arregui-Domínguez (Bidebarrieta), Arregui-Domínguez (Ego-gain), Dos Camaradas, El Tío Palancas, Güreik, Itxesi, Mari Carmen Solar, Mugika harategia, Oberena harategia, Otegui harategia eta San Andres gozotegia.