Bihar aurkeztuko dute "Emariak" liburua Arrate Kultur Elkartean
2019/02/25
19:36
eta kitto!
Bihar zabalduko dute Topalekuan “Emariak, emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma” izenburuko liburuari lotuta prestatu duten erakusketa. Martxoaren 8ra arte egongo da ikustera joateko aukera, ohiko ordutegian. Bestalde, erakusketa zabaltzearekin batera, liburuaren aurkezpena egingo dute Ilazki Gainza eta Nerea Uria egileek martitzenean bertan, 19:00etatik aurrera elkartearen lokaletan. Kalaka komunikazio taldeko bi kideek emakumeek historian zehar izan dituzten ekarpenen bilduma osatu dute: datorren astean aurkeztuko duten liburuan 12 emakumeren biografia laburrak bildu eta ilustrazio bidez lagundu dituzte. Emakume horietatik 2 euskaldunak dira eta, gainontzekoak, nazioartekoak. Egileen berbetan, "liburuaren helburua emakume erreferenteen berri ematea da, gizonezkoen berri badugulako, baina, emakumeena, aldiz, ez. Gainera, bilduma euskaraz izatea garrantzitsua iruditu zaigu, ez baitaude halako baliabideak euskaraz. Eta, horrekin batera, emakume ezezagunak biltzen saiatu gara, ezagunen berri beste iturrietatik ere badakigulako".