Eneko Ugartemendia izan zen txirrindulari azkarrena 90. San Juan Sarian

Urko Nazabal eta Aiur Ugartemendia izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, Toribio Etxebarriako helmugan
Eneko Ugartemendia izan zen txirrindulari azkarrena 90. San Juan Sarian
2026/06/15 16:12
Ekhi Belar Errasti

Araje Tolosa / Danena taldeko Eneko Ugartemendia izan zen irabazle atzo jokatu zen 90. San Juan Sarian. Txirrindulari gipuzkoarrak 2 ordu 25 minutu eta segundo bakarra behar izan zituen proba osatzeko (40,09 km/orduko) eta sprintean gailendu zitzaien Urko Nazabal (Limusin Oriako) eta Aiur Ugartemendia (Ipar Maquina Dimaq) txirrindulariei Toribio Etxebarriako helmugan.

Guztira 26 taldetako 142 txirrindularik hartu zuten parte junior kategoriako proban, baina 114 helmugaratu ziren. Lasterketak 97,1 km zituen eta Kalbario eta Azkarate gainak igo behar izan zituzten.

Txirrindulariek bizi-bizi hasi zuten karrera eta berehala hautsi zen, multzo ezberdinak sortuz. Horrela, podiuma osatu zuten txirrindularien multzoak erritmoari eutsi egin zion eta azken metroetan erabaki zen guztia.

Aipatu bezala, San Juan Sariaren 90. edizioa jokatu zen atzokoan eta aurten mendeurrena ospatzen duen Eibarko Txirrindulari Elkartearen bigarren ekitaldia izan zen, joan den asteazkenean mendeurrenaren hasiera ekitaldia egin ondoren.