Eibarko Txirrindulari Elkartea: mende bateko karrera

Ehun urte bete ditu Eibarko Txirrindulari Elkarteak. Urte hauetan bizikleta gainean ibili izango balitz betean, sasoi betean iritsi da elkartea gaur egunera arte eta mendeurrenaren ospakizunek urtebete inguru iraungo dute. Gaiaren inguruan kontatzeko asko dagoenez, Angel Lopez presidentea eta elkartean 60 urte inguru daramatza Jose Aranberri elkartu ditugu elkartearen egoitzan.
2026/06/11 15:30
Ekhi Belar Errasti

Eibar eta bizikletak bikote bereizezinak dira Jose Aranberriren ustez. Bizikleta ekoizle esanguratsuen sehaska izan da herria, hemen jaio ziren GAC, BH eta Orbea, besteak beste, eta gure orografiak maldan gora eta behera ibiltzea eskatzen badu ere, beti ikusi izan dira bizikletak herriko kaleetan zehar. Eta zer esanik ez Arraten gora! Txirrindularitzaren ikurretako bat da santutegia, eta handik eta herriko kaleetatik historiako karrerista onenak pasa izan dira.

Horren guztiaren ondorio eta arrazoi da Eibarko Txirrindulari Elkartea. Ondorio, bizikleten ekoizpenak eta txirrindularitzaren zaletasunak eragin zuelako bere sorrera; eta arrazoi, ehun urte hauetan egin duen lanagatik etorri direlako talde eta txirrindulari onenak eta gehiago sustatu duelako txirrindularitzarekiko zaletasuna.

Armak egiteari laga eta, 1926an, GAC bizikletak egiten hasi zen. “Orduan, txirrindularitzarekiko zaletasuna sustatzeko eta lasterketa popularrak antolatzeko (Eibar-Mendaro-Eibar, Durango-Eibar...), Club Ciclista GAC sortu zuten, enpresaren publizitatea egiteko”, kontatu digu Aranberrik. “Hurrengo urtean, 1927an, Club Ciclista Eibarrés - GAC sortu zen eta beste bat zen asmoa: lasterketa popularretan ibiltzeaz gain, inguruko karreristen taldea sustatzea. Horrela hasi zuen bidea Club Ciclista GAC taldeak, baina legeak zioen talde batek ezin zuela marka baten izena eduki. Gainera, aldi berean, BH eta Orbea bizikletak egiten hasi ziren eta, hauek kanpoan ez lagatzeko, taldeak gaur egungo izena hartu zuen: Club Ciclista Eibarrés”.

 

Hasiera, gerra eta loraldia

Sanjuanak ate joka ditugun honetan, aipatzekoa da jai hauen inguruan lasterketa egin dela aspalditik. “Aurten, San Juan Sariaren 90. edizioa jokatuko da, baina aurretik ere probak egiten ziren jaietan, beste izen batzuekin: Gran Prueba Eibarresa, Gran Premio Eibar...”, diosku Aranberrik. “Eibarko lehen txirrindularitza lasterketa 1910ean egin zen, San Juan jaien inguruan”.

Sanjuanetako lasterketa oso garrantzitsua zen. “Palmaresa ikusi besterik ez dago. Espainiako karrerista onenak agertzen dira irabazleen zerrendan: Luciano Montero, Trueba...”, dio Aranberrik. Gainera, ez zen egun bakarrera mugatzen. “Hiru egunekoa ere izan zen. Egun batean San Juan Saria ospatzen zen, hurrengoan Abiadura Saria (San Andres elizatik, binaka, Agiñaspi taberna pareraino) eta hirugarrenean Eibarko Zirkuitua (herriari 25 buelta emanez)”, azaldu digu.

Eibarko Txirrindulari Elkarteak, ostera, asmo handiagoak zituen eta 1932an Gran Premio de la República lasterketa hasi zen antolatzen. “Egun bakarrekoa zen eta karrerista onenak ekartzen zituen”, Aranberriren berbetan. Hasieran egun bakarreko proba zen, baina 1935ean eta 1936an erronka lau egunetara luzatu zuten Eibartik Madrilera joan eta itzultzeko.

Orduan, Espainiako Gerra Zibilak eztanda egin zuen eta txirrindularitzaren jarduna gelditu egin zen. 1941ean, Eibarko Klub Deportiboak Arrateko Igoera antolatu zuen eta Eibarko Txirrindulari Elkartearekin elkarlanean San Juan Saria. Poliki-poliki lasterketak itzuli ziren gurera, “eta 50ekoa ‘Eibarko txirrindularitzaren urrezko hamarkada’ izan zen”, Aranberriren hitzetan. “1951an elkartearen 25. urteurrena bete zen eta, data ospatzeko, hurrengo urtean zerbait berezia egin nahi izan zuten. Hiru eguneko lasterketa prestatzea pentsatu zuten eta bizikleten fabriketara joan ziren diru bila. Horrela sortu zen, 1952an, Gran Premio de la Bicicleta Eibarresa delakoa”. Hiru eguneko lasterketa bost egunera pasa zen eta gero zazpira, “eta demaseko ikuskizuna ekarri zuen”, diosku Aranberrik.

Urte batzuk geroago, 1969an, arazo ekonomikoak medio, lasterketa Vuelta al País Vascorekin batu zen eta elkarlanak 1973ra arte iraun zuen. 1987an, Eibarko Bizikleta berreskuratu zuten eta 1991an Euskal Bizikleta izena jarri zioten, Frantziako Tourrera begira izar askorentzat prestatzeko lasterketa kuttuna bihurtuz.

Beraz, egutegian Euskal Bizikleta eta Vuelta al País Vasco zeuden, “baina Eusko Jaurlaritzak ezin zuen onartu goi-mailako bi karrera egotea, batez ere aurrekontuagatik. Orduan, 2009an, bi lasterketak batu egin ziren, gaur egun ezagutzen dugun Itzulia sortuz”, kontatu digu Lopezek. 2017an, Diario Vasco Organizaciones Deportivas-ek laga egin zuen lasterketaren antolakuntza eta Eibarko Bizikletaz arduratzen zirenek (OCETA) hartu zuten kargua. “Txirrindulari Elkarteko asko gaude OCETA-n”, diosku. “Beraz, hainbat buelta eman ondoren, lasterketa bere sehaskara itzuli da”, Aranberriren berbetan.

 

Beheko mailetatik izarretara

Lasterketa horiei esker historiako txirrindularirik onenak Eibarren ikusteko aukera izan dugu, baina Eibarko Txirrindulari Elkartea ez da izarrei distira ematera mugatu, oinarrizko mailetako txirrindularitzan ere lan handia egin duelako. Izan ere, elkartearen lasterketa kuttuna Valenciaga Oroigarria da, txirrindularitzaren alde lan handia egin zuen Jose Luis Valenciaga gogoratzeko 1972az geroztik egiten den lasterketa. Zaletu mailako txirrindulari onenak elkartzen ditu urtero eta “esan dezakegu gaur egun kategoria horretako karrera garrantzitsua dela estatu mailan”, Lopezen ustez.

Valenciaga Oroigarriaz gain, junior mailako San Juan eta Udaberri Sariak antolatzen dituzte, baita kadeteen Eibarko Txirrindulari Elkartea Saria ere, eta Bizikleta eta Txistorra Eguna ezin dira falta.

Horrez gain, emakumeen lasterketak sustatzeko, Eibarko Hiria Sari Nagusia antolatzen dute 2018az geroztik. Harrezkero, goi-mailako txirrindulariak etorri dira gurera (2021an Van der Breggenek, Van Vleutenek eta Longo Borghinik osatu zuten podiuma) eta bere tokia egin du egutegian, Lopezek datorren urtean data aldaketa egon ahal dela aurreratu digun arren.

Sasoi berrien erakusle, Valenciaga Oroigarria eta Eibarko Hiria Sari Nagusia streaming bitartez jarraitzeko aukera izan dugu azken urteotan, baina Aranberriren iritziz ez dago lasterketak bertatik bertara jarraitzearen parekorik: “Ziklismoa usaindu egiten da”.

 

Ospakizunak martxan

Ehun urte beteta, Eibarko Txirrindulari Elkartea sasoi betean dago eta etorkizunera begiratzen du. “Hau ez da hemen gelditzen”, diosku presidenteak. Lehenik, ostera, mendeurrena ospatu behar du. Horretarako, eguaztenean ekitaldia egin zuten Coliseo antzokian eta elkartearen historiaren inguruko bideoa aurkeztu zuten. Bestalde, domeka honetan San Juan Saria jokatuko da, “eta mendeurreneko oroigarri batzuk banatuko ditugu”, baina ekintzak 2027ra arte luzatuko dira.

Lopez presidenteak esan digunez, “Bizikletaren Egunean ginkana handi bat prestatuko dugu; Joseba Aranzabal arkitektoak bizikletek eta tailerrek Eibarren izan duten garrantziaren inguruko hitzaldi oso interesgarria eskainiko du, bat baino gehiago harrituko duena; Txistorra Eguna antolatuko dugu; Gabonetan, erakusketa egingo dugu Portalean; urtarrilean, txirrindulari ohi famatuek hitzaldia eskainiko dute; 2027an zehar, urteroko lasterketak antolatuko ditugu; Itzulian, zinta moztuko dugu eta oroigarria emango diogu irabazleari; eta Valenciaga Oroigarrian ospakizunak amaitutzat emango ditugu”.