ENERGIA BULEGOA eskualdeko herritarren zerbitzura | "Energia fotovoltaikoa"
EDUKI BABESTUA
Zenbat energia sor dezake eguzki-plaken instalazio batek?
Eguzki-energiak eta energia-iturri berriztagarriek funtsezko zeregina betetzen dute klima-aldaketaren aurkako borrokan eta energia-sistema iraunkorrago baterako trantsizioan. Eguzki-plakek, bereziki, bilakaera teknologiko nabarmena izan dute, eta efizienteagoak eta eskuragarriagoak bihurtu dira, bai etxerako, bai industriarako. Horri esker, pertsona eta erakunde askok murriztu egin dute sare elektriko tradizionalekiko mendekotasuna, eta, hala, murriztu egin dituzte haien energia-kostuak eta karbono-aztarna.
Testuinguru horretan, gero eta ohikoagoak dira eguzki-energiaren funtzionamenduari, haren onurei, kostuei eta instalazioaren bideragarritasunari buruzko galderak.
Zenbat denbora irauten dute eguzki-plakek?
Eguzki-plaken balio-bizitza 25 eta 30 urte bitartekoa da. Denbora horretan zehar, elektrizitatea sortzeko gaitasuna apur bat murriztu daiteke, baina modu eraginkorrean funtzionatzen jarraitu ohi dute.
Zenbat energia sor dezake eguzki-plaken instalazio batek?
Energia-kantitatea sistemaren tamainaren, kokapenaren, panelen inklinazioaren eta instalazioak jasotzen duen eguzki-argi kantitatearen araberakoa da. 1 kW-ko eguzki-panel tipiko batek, Euskal Autonomia Erkidegoan 950 eta 1,400 kilowatt orduko (kWh) artean sor ditzake urtean, kokatuta dagoen eskualdearen arabera (barnealderago eta gehiago).
Zer alde dago eguzki-energia fotovoltaikoaren eta termikoaren artean?
Eguzkiaren energia baliatzeko sistema nagusiak bi dira: fotovoltaikoa eta termikoa. Lehenengo sistemak eguzki-plaken bitartez eguzkiaren energia fotovoltaikoa jasotzen du eta elektrizitate bihurtzen. Bigarren sistemak, berriz, urez beteta dauden hodi batzuen bitartez, eguzkiaren energia termikoa (beroa) jasotzen du eta energia horrek ura berotzen du, eta kasu batzuetan lurruna sortuz, turbina bat mugitu eta elektrizitatea sortu ere bai.
Eguzkiaren energia baliatzeko bi sistema hauek gero eta ohikoagoak dira gure herrietako teilatuetan, bai etxe partikularretan, bai eraikin publikoetan eta baita lantegietan ere.
Zer da autokontsumorako instalazioa?
Autokontsumo elektrikoko instalazioa kontsumo propioko energia berriztagarria ekoizteko gai den instalazioa da. Autokontsumoak faktura elektrikoan aurreztea dakar, baina baita sarearekiko independentzia handitzea ere, eta beraz, baita tarifa elektrikoaren prezioaren aldaketekiko mendekotasun txikiagoa.
Energia Bulegoa eskualdeko herritarren zerbitzura
Informazio gehiago eskuratzeko kontsultatu Debegesaren webgunea edota jo zuzenean Debabarreneko Energia Bulegora.
Energiari buruzko edozein informazio edota aholkularitza jaso nahi izanez gero, idatzi edo deitu Debabarreneko Energia Bulego Birtuala zerbitzura. Doako zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du bailarako herritar, komunitate eta enpresentzako.
• Webgunea: energia.debegesa.eus
• E-posta: agenda2030@debegesa.eus
• Telefonoa: 943 82 01 10.