Enpresen arteko hartuemanak bultzatzeko topaketa antolatu dute
Enpresarientzat topaketa egingo da datorren astean Eibarren, eguenean (hilaren 15ean), 13.30etan hasi eta 16.00ak bitartean Unzaga Plaza Hotelean. Jardunaldiaren aurkezpena atzo (martitzena) egin zuten udaletxean Miguel de los Toyos alkateak, Mª Jose Telleria Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Saileko zinegotziak, Javier Roca horrelako jardunaldien antolaketaz arduratzen den Negobide-ko presidenteak eta Mikel Izquierdo Negobide-ko Gipuzkoa mailako ordezkariak.
Beste hiri batzuetan egindakoaren bidetik, Eibarko topaketak ohiko egiturari jarraituko dio eta, besteak beste, honakoak hartuko ditu: parte-hartzaileen arteko lehen kontakturako piskolabisa, ongietorri laburra, enpresari bakoitzaren aurkezpena (60 segundokoa), negozio-txartelak elkartrukatzea, "eguneko enpresaren" aurkezpena (15 minutukoa). Asmo nagusia "enpresariei laguntza eskaintzea" dela azpimarratu zuten antolatzaileek, "elkarren arteko sinergiak" bultzatzeko erraztasunak emanda. Aurkezpenean topaketak hile bitik behin egiteko asmoa azaldu zuten eta jendea parte hartzera animatu nahi dute. Informazio gehiagorako info@negobide.com helbidera idatzi edo 638989290 telefono zenbakira deitu daiteke.