Epaileak Arriola eta Valles Errebalgo auzian deklaratzeko deitu ditu
Errebalgo orubearen salmentaren inguruko ikerketaren harira, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko burua eta Eibarko alkate ohia eta gaur egun Eibarko udaleko zinegotzia den Jose Luis Valles senatari-ohia deklaratzera joateko deitu dituzte Eibarko Epaitegitik. Aurreko asteko barixakuan irten zen epaitegitik Errebalgo orubearen auzian Arriola eta Valles inputatu gisara deklaratzera joateko jakinarazpena. Horrela, aurretik deklaratzeko deituta dauden beste sei lagunen zerrendari beste bi izen hauek hauek gehitu dizkio epaileak. Uztailean Miguel de los Toyos alkatea eta udaleko hainbat behargin Errebalgo orubearen salmenta operazioaren inguruko galderei erantzuteko inputatu gisara deklaratzera deitu zituzten. Azken bi inputatuak orain arte ez deitzeko ustezko arrazoia, berriz, Arriola eta Valles forupekoak ziren ala ez zalantzatan zeudela omen da. Baina estatus horrek babesten ez dituela baieztatu eta gero, beste inputatuekin batera deklaratzeko deitzea erabaki du epaileak. Orain arte ez dute argitu inputatuek noiz deklaratuko duten.