Erabilgarri daude edukiontzi hori eta urdin berriak
Azaroan zehar, Debabarreneko Mankomunitateak iglu formako 456 edukiontzi hori eta urdin ordezkatu ditu eskualdeko herrietan, estetikoki marroiaren eta grisaren antza duten eta irisgarriagoak diren beste batzuekin. Abenduaren 1etik daude erabilgarri edukiontzi berri horiek. Azaldu dutenez, baina, herritar guztiak ez dira aldaketaz jabetu eta hondakinak edukiontzi zaharretan botatzen jarraitzen dute.
Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak bertara botatzea errazten du. Mankomunitatetik nabarmendu dutenez, herritarrei erosotasuna ematea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzen baitute. Irudi aldetik ere aldaketa ekarriko du lateralizazioak, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetuko baitu.
Eskualdeko herri guztietan jarri ditu Mankomunitateak edukiontzi berriak eta erabilgarri daude abenduaren 1etik aurrera. Edukiontziak eraberritzearekin batera, zerbitzua ere berritu dute. Prezero enpresak emango du, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urteko kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin, kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren frakzioen bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, baita edukiontzien garbiketa ere.