Erdigunea Mekola eta Arratebiderekin lotzeko bi igogailu egingo ditu Udalak

Erdigunea Mekola eta Arratebiderekin lotzeko bi igogailu egingo ditu Udalak
2021/01/05 14:02
eta kitto!
Herrigunea Mekola eta Arratebiderekin lotuta egongo da laster bi igogailu publikoren bidez. Eibarko Udalak lehen urratsak eman ditu eta lizitaziora atera du proiektua idaztea, 56.000 euroko aurrekontuarekin. Adjudikaziodunak 17 aste izango ditu egitasmoa idazteko.

Gaur egun hirigunetik (San Andres pasealekua eta San Juan kalea) Mekola eta Arratebide auzoetara joateko eskailerak daude nagusiki, Ardantzako geltoki gainean dagoen Berdintasun pasealekura igotzeko izan ezik, horra Udal ostean dagoen igogailuaren bidez joan daiteke-eta. Auzo horien irisgarritasuna hobetzeko, Udalak bi igogailu jarri nahi ditu martxan: lehena, duela gutxira arte Bildosolaneko txaleta zegoen lursailetik Mekola kaleraino, eta bigarren kale horretatik Arratebideraino. Bildosolaneko txaleta zegoen partzela lautu eta Berdintasun pasealekuaren kota berera eramango da.

Lehen igogailuak bi geraleku izango ditu: bat Mekola auzoko etxebizitza batzuetara joateko, pasarela baten bidez, eta bigarrena, Mekola kalearen parean. Metro batzuk aurrerago, bigarren igogailu bat jarriko da Arratebide aldera sarbidea emango duena.

Udalak bere webgunean azaldu duenez, “hori guztia bertako bizilagunen prozesu parte-hartzaile baten fruitu izan da. Prozesu horretan eta hainbat bilera egin ondoren, kokapen  batzuk atera ziren, eta parte-hartzaileekin eztabaidatu ondoren azken aukera bat adostu zen, eta horixe izango da egitasmoa idazteko kontuan hartuko dena. Prozesu parte-hartzailean adostu zen, halaber, Mekola kalerako hobekuntzak egitea, Ardantzako Babes Ofizialeko Etxeen urbanizaziotik Arratebideraino; adostu zen, baita ere, gogoeta bat egitea auzoko trafikoaren inguruan, oso kale estua baita eta ez dago espaloirik”.

Aipatutako bi igogailuekin batera, Udalak aurreikusten du parke-eremu bat sortzea Bildosolako txaleta zegoen lurretan, lorategi zabal batekin, lehenengo igogailura sartzeko balioko duena; eta San Juan kalearen ostean dagoen aisialdirako gunea berrurbanizatu eta eguneratu egingo da. “Horrela, inguru guztia toki atsegin eta txukunagoa izango da”, azaldu dute.

Interesa duten enpresek urtarrilaren 11ra arteko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko.

 




Mekola2