Ermuko plazan izan dira gaur Debabarreneko Mankomunitateko teknikariak, ikasleei edukiontzi grisak nola erabili behar diren azaltzen

Herriko hondakinen bereizketaren benetako egoera ikusteko aukera ematen du ekimenak: edukiontzi grisean utzitako hondakinen %70 birziklagarriak dira eta, ondorioz, errefus-edukiontzian agertzen diren hondakinen %30 bakarrik daude behar bezala utzita.
Ermuko plazan izan dira gaur Debabarreneko Mankomunitateko teknikariak, ikasleei edukiontzi grisak nola erabili behar diren azaltzen
2024/11/20 19:12
eta kitto!
Ermuko Orbe Kardinalaren plazan herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek parte hartuko duten errefusaren edukiontziaren karakterizazioa burutu da gaur goizean. Erakustaldi pedagogikoan, gaur egun ere edukiontzi grisera botatzen diren hondakin birziklagarrien kopurua ikusi ahal izan da. "Edukiontzi grisean utzi ondoren, hondakin gehienak ezin dira aprobetxatu eta Zubietako plantan errausten dira, ingurumenari kalte eginez eta dirua xahutuz", diote Debabarreneko Mankomunitateko teknikariek.
 
Hondakinak Murrizteko Europako Astea azaroaren 16tik 24ra bitartean egingo da aurten, eta Europako herritar guztiak animatzen ditu azaroko aste bakar batean baliabideen eta hondakinen kudeaketa iraunkorrari buruzko kontzientziazio-ekintzak egitera. Tokiko eta eskualdeko agintari publikoek bultzatuta, hondakinak murrizteari buruzko sentsibilizazio-jarduerak antolatzen dituzte urtero mota guztietako eragileek (herritarrak, eskolak, enpresak, GKEak, elkarteak...).
 
Debabarrenaren kasuan, eskualdeko Mankomunitatea da ekimena hartu eta hainbat ekitaldi antolatzen dituena. Kasu honetan, Ermuko hezkuntza-komunitatea inplikatzea erabaki da, eta, herriko udalarekin batera, herriko hondakinen bereizketaren benetako egoera ikustea.
 
Azken bi urteetan eskualdeko udalerrietako plazetan eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egin diren karakterizazioetan, frogatu ahal izan da edukiontzi grisean utzitako hondakinen %70 birziklagarriak direla eta, ondorioz, errefus-edukiontzian agertzen diren hondakinen %30 bakarrik daudela behar bezala utzita.
 
Mota guztietako hondakinak
Edukiontzi grisean janari-hondarrak dira behar ez bezala uzten den frakzio nagusia, edukiontzi marroira bota behar zena. Pisuaren %30 dira, eta behar ez bezala botatzeak konpostatu ezin izatea eta metanoz deskonposatzea eta energetikoki ez aprobetxatzea dakar.
 
Gainera, Mankomunitatetik azaldu dutenez, "zoritxarrez, ontzi asko ere botatzen dira edukiontzi grisera. Metalezko latak, plastikozko botilak edo tetra brickak edukiontzi horira bota behar diren hondakinak dira, birziklatu ahal izateko. Azkenik, eta neurri txikiagoan bada ere, paperaren, kartoiaren edo beiraren hondarrak ere badaude. Harrigarria da beira birziklatzeko kanpainak zenbat urtez egiten diren eta gaur egun edukiontzira behar ez bezala botatzen diren".
 
Hondakin horiek jatorrian ez bereizteak, bai etxeetan, bai merkataritzan eta ostalaritzan, kalte ekonomiko izugarria eragiten du. "Debabarreneko hondakin bakoitza dagokion edukiontzian behar bezala utzi izan balitz, 2 milioi euro aurreztuko ziren. Aurrezpen hori, eskualdeko udalek ordaintzeari utziko lioketena, zerbitzua hobetzeko, hondakinen tasa jaisteko edo udalerrian hainbat motatako inbertsioak egiteko erabil liteke", diote.
 
Azkenik, aipatu behar da Mankomunitateak hondakinen bereizketa hobetzen jarraituko duela, bai etxean, bai merkataritzan, bai industrialdeetan. Helburua argia da: 2030erako bilketa selektiboaren %65era iristea (gaur egun %53,5ean kokatzen gara) eta horretarako Mankomunitateak sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak egiten jarraituko du, oraingo honetan Ermuan egindakoaren antzera.