Errebal Plazak udako bigarren eskuko azoka hartuko du bihar goizean
Biharko azokan zerbait saldu nahi dutenek bi modutara egin ahal izango dute: azokan mahaia edo postua ipinita (horretarako aldez aurretik eskaera aurkeztu beharra zegoen) edo, bestela saldu nahi diren gauzak gordailu-zerbitzuan laga ahal izango dira (gehienez ere 10 gauza pertsona bakoitzeko, eta egoera onean). Kasu horretan antolatzaileak arduratuko dira gauzak saltzeaz: salgai ipini nahi diren gauzak bihar bertan eraman beharko dira Errebalera, 09:00etatik 10:00etara, eta azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak bertara itzuli beharko dira, salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.
Bestalde, azoka uda partean egingo denez, antolatzaileek lehentasuna emango diete urtaro horrekin eta oporrekin zerikusia duten objektuei: “Besteak beste, kiroletarako, bidaietarako eta hondartzarako artikuluak eta liburuak, eta musika zein zinema-artikuluak ipiniko dira salgai. Beraz, postuak adjudikatzean, lehentasuna emango zaiei baldintza hori betetzen dutenei”.
Tronpa bat egiteko tailerra haurrentzat
Azokan bertan haurrentzako tailer bat ere egingo da, material birziklatuekin txiba edo tronpa egiteko: “Tailerra 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat izango da, baina 5 urtetik beherakoek heldu batekin egon beharko dute. Hormairudi bat ere egingo da, ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta”. Tailerra 11:30ean hasi eta 14:00ak aldera amaituko da eta bost txanda egongo dira aukeran, 11:30etik 13:30era.