Errebalen salmenta prezioa argitu beharko da epailearen aurrean, besteak beste
Orain hiru urte Eibarko Aralarrek prebarikazioagatik eraman zuen auzitegira Eibarko Udala. Ordutik, Eibarko Udaleko teknikoek hainbat txosten aurkeztu dituzte eta Aralarreko ordezkariek epailearen aurrean deklaratu zuten 2010ean. Eibarko Udalak SPV Eibar Boulevard enpresari 4,2 milioi eurotan baino ez saltzea dela eta, prebarikazioa egin zutelakoan joan zen Aralar auzitara. Hiru urte auzitegian izan ondoren, txosten eta deklarazioak eta gero, iaz, 2012ko azaroaren 16an, auziaren behin behineko artxibatzea erabaki zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Baina Aralarrek helegitea jarri zuen eta joan den uztailaren 18ko data duen autoak ekarriko du Errebalgo auziaren hurrengo pausua.
Mariasun Gartziak azaldu digunez, " ez dut uste balorazio politikorik egin behar dugunik, autoak esaten duenarekin nahikoa da, behin eta berriro frogatzen ari gara gezurretan dabiltzala. Aurreko astean bertan alkateak emandako prentsaurrekoan ere gezurra esan zuen, beste bat!!!".
Izan ere, "autoan azaltzen duenez, prebarikaziorako zantzuak daude eta ikertu egin behar dituzte. Diligentziak martxan jarri eta De los Toyos, Etxaniz, Serrano eta Juaristik deklaratu beharko dute", azpimarratu du Gartziak.
Autoan Iñaki Arriola alkate ohia eta Jose Luis Valles PSEko zinegotzia ere aipatzen dituzte epaileek. Baina aforatuak izan daitezkeela-eta, momentuz ez ditu deklaratzera deituko. Horren aurrean, salaketa jarri dutenek adierazi dutenez, "epaileari eskatuko diogu Arriola eta Valles aforatuak diren edo ez aztertzeko. Eta, ez baldin badira, deklaratu dezatela".
4,2 milioi eurotan saldu zuen Eibarko Udalak Errebalgo orubea. Epaileek autoan azaltzen dutenez, zalantza sortzen du lursaila 4,2 milioitan saltzeak eta jarraian enpresa horrek 24 milioiko mailegu hipotekarioa lortzea. Gainera, Errebalgo zentro komertziala ez eraikitzea erabaki zenean, Eibarko Udalak eta enpresak akordioa egin zuten, lursaila berriro ere Udalaren eskutara bueltatzeko. Hori ere argitu beharko dute inputatuek, epaileen aurrean egindako deklarazioan.