Errebalgo erabileren inguruko tailerren ondorioak aurkeztuko dituzte
Aste honetako eguen eta barixakuan (azaroaren 21ean eta 22an) Errebalen erabilerak zehazteko hainbat herritarren partehartzea izan duen prozesuaren ondorio eta emaitzen aurkezpen publikoa egingo da Portalean eta, horrekin, amaitutzat emango dute prozesua. Eguenean, 18.00etan prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte eta, horrekin batera, bertatik atera dituzten ondorio eta emaitzak ezagutaraziko dituzte. Eta barixakuan, azaroaren 22an, partehartze prozesua koordinatu duen lantaldea Portalean egongo da, prozesuaren fase guztiak eta emaitzak laburbiltzen dituen txostena zehatzago, modu pertsonalagoan kontsultatu nahi dutenei azalpenak emateko prest. Horrez gain, kezkak eta bestelako zalantzak argitzeko aukera egongo da. Bide batez, gaiaren inguruan beharrean jardun duen lantaldeak aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkio parte hartu duen jendeari eta gaian interesa dutenak azken saio horietara joatera animatu nahi ditu.