Errebalgo Ideia Lehiaketak 6.000 euroko bost sari banatuko ditu
Arkitektu guztiei zabaldutako Errebalgo Ideia Lehiaketa aurkeztu dute gaur (eguaztena, hilak 19) Miguel de los Toyos alkateak eta Eneko Andueza Hirigintza zinegotziak. Datorren astean edo hurrengoan lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak prest egongo dira eta, horiek ezagutzera eman eta jarraian, hilebeteko epea zabalduko da lehiaketara aurkeztu beharreko dokumentazioa entregatzeko. Azaldu dutenez, "Lehiaketara aurkezten diren arkitektuek iaz Errebalen inguruan egindako prozesu parte-hartzailetik sortu ziren erabilera eta bestelakoak kontuan izan beharko dituzte euren proposamenak landu eta aurkezteko orduan, besteak beste erabilera publikorako izatea, merkatu plazarako gunea izatea, aparkatzeko tokiak... horiek guztiak bete-beharreko baldintzetan zehaztuko ditugu".
Epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako proiektu guztiak aztertu eta bost onenak aukeratuko ditu. Horientzat 6.000 euroko sari bana egongo da eta proiektua herritarrei aurkeztea eskatuko diete. Horrela, bigarren fase batean, herritarrek bost horien artean nahiago duena azaltzeko modua izango du. Bost onenen artean aukeratzen duten proiektua Errebalgo obrarentzat oinarria izango da. Udalak aurreikusitakoa betez gero, lanak udarako lizitaziora aterako dituzte.