Errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina gaur hasiko da Gipuzkoan
Aurtengo kanpaina apirilaren 8an abiatuko da Gipuzkoan. Astelehenean hasi eta uztailaren 1a bitartean onartu ahal izango dira errenta autolikidazio proposamenak. Bestalde, errenta eta ondarearen Internet modalitateari dagokionez, epea apirilaren 11n hasi eta uztailaren 1ean amaituko da. Azkenik, errenta mekanizatua egiteko epea apirilaren 16an zabalduko da eta uztailaren 1ean amaitu; kasu horretan hitzordua apirilaren 12tik aurrera eskatu ahal izango da.
Aitorpenak aurkezteko modalitateei dagokienez, errentaren kasuan hiru izango ditugu: proposamena, mekanizatua eta internet bidezkoa. Proposamenarekin ados izanez gero, onartu egin behar da telefonoz edo internet bidez (iaz euretako %83,3 onartu ziren). Mekanizatuari dagokionez, telefonoz edo internet bidez aurrez eskatuz gero, aitorpena egiten lagunduko dute bulegoetan. Eta internet bidezkoan, laguntza programaz baliatuta, internet bidez bidali daiteke aitorpena. Ondare aitorpenera pasatuta, internet bidezkoa izango da aurkezteko modalitate bakarra. Eta gauza bera fortuna handien gaineko elkartasun zergaren aitorpenaren kasuan.