Erretzeari lagatzeko terapiak Minbiziaren Aurkako Elkartearen eskutik

Erretzeari lagatzeko terapiak Minbiziaren Aurkako Elkartearen eskutik
2024/01/22 11:51
eta kitto!
Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) tabakoari agur esateko aukera paregabea eskainiko du datozen asteotan. Doako terapien bitartez, azken 40 urteetan %60ko arrakasta duen programa jarriko du herritarren eskura, aurrez aurre edo online egiteko. Laura Mongelos elkarteko psikologoaren eskutik emango dute zerbitzua eta berarekin egon gara gaiari buruz berbetan.

 

Urte berria hastearekin batera ohikoa izaten da gure buruari helburuak jartzea, eta horrelakoetan askotan nabarmentzen da erretzeari lagatzea. Bide horretan, AECC-k eskua luzatzen die nahi hori dutenei eta hamaika saioren bitartez helburua betetzen lagundu nahi die. Horretarako, “saioetan parte hartzen duen pertsona motibatua egotea da garrantzitsuena”, Laura Mongelos psikologoaren berbetan. Aitortzen du normala dela erretzeari lagatzeko momentuan zalantzak edukitzea, baina saioak egin ahala zailtasunei, beldurrei eta zalantzei aurre egitea da helburuetako bat.

Mongelosek esan digu erretzeari lagatzeko saioak interaktiboak eta indibidualizatuak izaten direla. “Bertan pertsona bakoitzaren estrategiak eta trebetasunak berreskuratu eta indartzen dira, tabakoa uzteko etapa bakoitzeko egoerei aurre egiteko”, bere berbetan.

Tabakoa lagatzeko prozesu hori dolu bat izango balitz bezala planteatzen dute. Beraz, horrela antolatzen dituzte terapiaren hamaika saioak: hasierako bederatzi saioak astean behin egiten dira, hamargarrena 6 hilabetera eta hamaikagarrena urtebetera. Izan ere, psikologoak dioenez, “garrantzitsua da urtebetez prozesuaren jarraipena egitea, urteroko ospakizunetan, oporretan eta bestelako momentuetan taldearen bermea izateko”.

 

Aurrez aurre edo online

Aurrez aurreko saio horiek taldeka edo banaka egiteko aukera eskaintzen du AECC-k. “Lehendabizi taldeak egiten saiatzen gara, baina batzuetan zaila egiten da, batez ere bakoitzaren ordutegi ezberdintasunen ondorioz”, azaldu digu psikologoak. Saioak AECC-k Eibarren (Ardantza, 11) duen egoitzan egingo dira eguenetan 11:00etatik 12:00etara.

Batzuetan, ostera, erretzeari laga nahi dioten pertsonek ez dute aurrez aurreko saioetara joateko aukerarik. Ba lasai egon daitezela, saioak online egiteko aukera ere badagoelako. “Askorentzat errazagoa da modu horretan parte hartzea”, diosku psikologoak. Online saioak astelehenetan (15:00etatik 16:30era), martitzenetan (11:30etik 13:00etara) eta eguaztenetan (17:00etatik 18:00etara) emango dituzte.

Eta galdera da, zein metodok funtzionatzen du hobeto? “Garrantzitsua iruditzen zait esatea hori pertsonaren edo taldearen araberakoa dela”, Mongelosen berbetan. “Bata ez da bestea baino hobea, formatu bakoitzak ekarpen desberdina egiten du”, bere ustez.

 

RespirApp aplikazioa

AECC pertsona guztien beharretara egokitzen saiatzen da erretzeari lagatzeko prozesuan erraztasunak eskaintzeko eta, zentzu horretan, teknologia berriak ere erabiltzen ditu. Horren adibide da RespirApp sistema, erretzeari uzteko Drogei Buruzko Plan Nazionalari esker martxan jarritako doako aplikazioa.

Hiru fasetan banatutako prozesu osoa eskaintzen du RespirApp-ek, “erabiltzaileari bere jardueraren kontrol pertsonala egiteko, bere aurrerapena ezagutzeko eta unerik zailenetan kontrola hartzeko aukera ematen diona”, Mongelosek azaldu digunez. Horrela, zigarroaren kontsumoaren murrizketarekin hasten da eta “erorketen” prebentzioarekin amaitzen da.

 

Esperientzia pertsonala

Mongelosek urteetako esperientzia du pertsonei erretzen uzten laguntzen eta, bere hitzetan, “pertsona eta talde bakoitzarekin izaten dudan esperientzia berria da”.

Erretzeari uzteko prozesuak gauza batzuk komunean dituzten arren, prozesua, momentua, bizipena eta abar pertsona bakoitzarenak direla diosku. “Horregatik da hain garrantzitsua erretzeari uzteko bakoitzaren bidea aurkitzea eta bilaketa horretan, behar izanez gero, laguntza eskatzea”, azpimarratzen du.