Erriberako produktuekin betetako otarra 50 eurotan salgai
Zazpiak Bat Harreman Sareak abiarazitako Errigora ekimenak Nafarroko Erriberari laguntzeko Nafarroa hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina ipini du martxan eta horrekin bat egin du …eta kitto! Euskara Elkarteak. Nafarroa hegoaldeko produktuei Euskal Herriko plazan bidea ematea eta "zona no vascofona" modura izendatuta dagoen inguru horretan euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea bilatzen duen proiektua herrigintzaren bitartez garatuko da eta, udazkeneko kanpainaren barruan, Erriberako produktuez osatutako saskiak banatuko dira Euskal Herrian zehar, nahi duenak erosteko. Eibarren AEK-n eta Udal Euskaltegian eta Juan Antonio Mogel ikastolako zentruetan egongo da horretarako aukera: interesatuek azaroaren 14ra arte izango dute izena eman eta eskaerak egiteko aukera eta saskien banaketa eta ordainketak, berriz, azaroko azken astean egiteko asmoa dute.
50 eurotan salgai egongo den saskian bi botila olio (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa) daude eta, herritarren lan bolondresari esker, %25 euskarari bideratzea posible izango da. Iaz Zazpiak Bat Harreman Sarearen ekimenez martxan jarritako egitasmo hau, Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen. 1.500 saski banatu eta duela gutxi Nafarroa Oinez ospatu den Tuterako Argia Ikastolara 34.000 euro bideratzea lortu zuten eta aurten Errigorarekin lorpen hori hobetu nahi dute.