Eskozia La Brava lagunarteak jai erraldoi batekin ospatuko du larunbatean bere 25 urteurrena

Egun osoko egitaraua prestatu du Eskozia La Bravak, Lambretta motorren elkarretaratzearekin, bazkariarekin eta musikarekin
Eskozia La Brava lagunarteak jai erraldoi batekin ospatuko du larunbatean bere 25 urteurrena
2026/07/09 11:54
Ekhi Belar Errasti

Aurten 25 urte bete ditu Eskozia La Brava lagunarteak, eta urteurrena behar bezala ospatzeko egun osoko jaia antolatu du uztailaren 11rako, larunbaterako. Goizetik gauera arte luzatuko den egitarauak kalejira, bazkaria, poteoa, kontzertuak eta jai giroa uztartuko ditu.

Eguna 11:00etan hasiko da Untzaga plazan egingo den txupinazoarekin. Bertan bilduko dira Lambretta motorrak, gonbidatuak hartuko dituzte eta ohorezko aurreskua eskainiko da. Handik gutxira, 11:55ean, Lambretten irteera egingo dute.

12:00etan hasiko da trikipoteoa, Eibarko Trikitilariek girotuta, Guriditik abiatuta. Ondoren, 15:15ean, urteurreneko bazkaria egingo dute Astelena pilotalekuan.

Arratsaldean ere ez da girorik faltako. 18:30ean Armaginen poteoa egingo da Burrunba elektrotxarangak girotuta.

Gaueko ekitaldi nagusiak 20:30ean hasiko dira Untzaga plazan, harmailen aldean. Lehenengo Painapple taldeak joko du, ondoren Urkari igoko da oholtzara (22:30ean) eta gauerdian Lordwitch izango da protagonista. Antolatzaileek, gainera, sorpresa bat ere iragarri dute kontzertuen artean.

Ospakizunari amaiera emateko, 01:30etik 04:00etara Arkupe tabernan DJ Arno arduratuko da musika jartzeaz.