Eskozia La Brava: “Horrela bizi dugu futbola: bazkariak egin, festa, taldea animatu eta Eibarren izena goian jarri”

Denboraldia amaituta, egun hauetan Ipuruako zelaia mimo handiz atontzen ari dira, makinak daude bertan, baina ekialdeko tribunan ez dute kendu Eskozia La Bravaren kartela. Hor egon da 25 urtez eta lagunartearen pasioak berdin jarraitzen du, SD Eibar animatzea euren izatea delako.
Eskozia La Brava: “Horrela bizi dugu futbola: bazkariak egin, festa, taldea animatu eta Eibarren izena goian jarri”
2026/06/12 10:58
Ekhi Belar Errasti

Joseba Combarro Eskozia La Bravako presidentea, Aitor Muniozguren Presidente ohia eta Olaia Gallastegi diruzaina etxean bezala mugitzen dira Ipuruako ekialdeko tribunan. Eguzkitan, “Cordobaren aurkako partidan bezala”, Eskozia La Bravaren 25 urteak gogoratzen ditugu eta futbola bizitzeko duten moduaz jardun dugu eurekin.

 

Zer moduzko denboraldia izan da? Nola bizi izan duzue?

JOSEBA: Oso pozik. Mailari eustea lortu diogu eta taldeak play-offean sartzeko aukerak izan ditu azken jardunaldira arte.

OLAIA: Errusiar mendia izan da. Hasi zen, abenduan taldea makal zegoen, gero gora egin du...

AITOR: Abenduan Lehen Mailan ikusten genuen geure burua, baina RFEF Lehen Mailan! Zorionez, buelta eman genion egoerari eta azken jardunaldira arte play-offean sartzeko aukerak izan ditugu.

Zapore onarekin amaitu duzue beraz?

A: Azken zaporea ez da hain ona izan, benetako aukerekin ikusi ginen-eta, baina azken denboraldietan gertatu zaiguna gertatu zaigu: azkenengo momentuan burua sartzeko gai ez izatea.

25. urtez, Eskozia La Bravak ez dio une bakarrean ere taldea animatzeari utzi, etxean zein kanpoan. Nola moldatzen zarete partida guztietara joateko?

A: Beti dugu lagunarteko norbait kanpoko partidetara joateko prest. Eibartik ez bada, beti dago zaleren bat Eibarrek jokatzen duen tokitik gertu bizi eta ikustera joaten dena.

J: 120 peñista ditu Eskozia La Bravak eta batzuk Eibartik kanpo bizi dira: Durangon, Deban, Errioxan... Andaluzian jokatzen diren partidetan, Eskozia La Bravako kide batek, Jesus Gayosok, desplazamenduak antolatzen ditu. Igualadan (Katalunia) ere badugu jendea... Ia-ia penintsula osoan zehar ditugu delegazioak eta gure pankarta ia partida guztietan ikusten da. Horrela bizi dugu futbola: bazkariak egin, festa, taldea animatu eta Eibarren izena goian jarri.

A: Bitxia da nola bazkidetzen den kanpoko jende hori. Kanpora joaten garenean, lagun gutxi joaten gara normalean eta beti ikusten dugu norbait Eibarko kamisetarekin, baina eibartarra ez dena edo ez duguna ezagutzen. Beraz, berarengana joaten gara, nongoa den galdetzen diogu, zergatik den eibarzale... eta pare bat garagardotara gonbidatuta, kide egiten da.

Gizonezkoen zein emakumezkoen ligak amaituta, nola pasatzen dituzue hurrengo denboraldia hasi arteko hilabete hauek?

A: Aurten gure 25. urteurrenaren ospakizuna dugu tartean.

J: Uztailaren 11n ospatuko dugu. Zale asko etorriko da penintsula osotik eta espero dugu oso ospakizun polita izatea. Gogotsu gaude. Behintzat, liga amaitzeak ospakizunak hobeto prestatzen lagundu digu.

A: Denboraldi normal batean, azkenengo partidan, “oporrak behingoz!”, esaten dugu. Futbolarekin asetuta amaitzen dugu, amaitzeko gogoz.

O: Baina berehala begiratzen dugu aurredenboraldiko partidak noiz jokatzen diren.

J: Uztailaren 11n ospakizuna dugu, baina hurrengo astean, 18an, Eibarrek Alavesen aurka jokatuko du Laguardian eta upategian erreserba egiteko berbetan ari gara dagoeneko.

Nolako ospakizuna egingo duzue uztailaren 11n?

J: Bete-betea izango da. Barixakuan, uztailak 10, 80 afizionatu etorriko dira kanpotik eta eurekin elkartuko gara. Zapatuan, 11:00etatik domekako 05:00etara arte jai-giroa egongo da, ia 24 orduko festa. Udalak materialarekin lagundu digu, baita tabernek ere kontzertuen finantzaketan eta bazkariarekin... Futbola ere ez da faltako eta Eibarren mito batzuk berriz jokatzen ikusi ahal izango ditugu.

Penintsula osoan zehar dituzue kideak eta beste lagunarte batzuekin ere oso harreman ona duzue. Normalean horrela izaten da?

O: Batzuekin harreman gehiago dugu, beste batzuekin gutxiago, baina hemen inguruan, adibidez, Mirandesekoekin oso harreman estua dugu.

J: Poliki-poliki egin ditugu lagunak. Bigarren B Mailan Mirandesen aurka jokatu genuen, Eibarren antzeko talde bat oso afizio onarekin, eta tabernetan eurekin egin genuen bat. Burgosekoekin ere oso ondo moldatzen gara eta baita Levante, Villarreal, Celta, Coruñako Deportivo, Rayo Vallecano, Sevilla eta Oviedokoekin ere, besteak beste.

A: Hona etortzen direnean eta herrian dagoen giroa ikusten dutenean, kanpoko jendea oso ondo hartzen duen herria dela ikustean, txantxak egiten... Flipatuta gelditzen dira. Asko mugitu gara beste toki batzuetan eta oso toki gutxitan bizi da futbola Eibarren bizi den bezala. Agian herri txikia garelako da, baina Untzaga jendez gainezka ikusten dute eta ez dugu arazorik izaten kanpotik datozen zaleekin, kontrakoa, beti egiten zaie harrera ona, eta normalean hori ez da beste toki batzuetan gertatzen.

Munduko Txapelketa hasi berri da. Eskoziaren alde egingo duzue, ala?

A: Beno, gure izenaren jatorriak ez du futbolarekin zerikusia, errugbiarekin baizik, bertako giroarekin eta abar. Baina bai, bai. Pena Cabo Verdek Bebe deitu ez izana.

25 urte hauetan denetik ikusi izan duzue: hasieran taldea 2. Mailan zegoen, 2. B Mailara jaitsi zen, berriz igo, jaitsi, Lehen Mailara jauzia egin zuen, hainbat urte egon zen bertan, 2. Mailara jaitsi zen berriz... Nola eutsi diezu hasierako pasio eta esentzia horri?

J: Ni 2000. urtean sartu nintzen taldean, oraindik ofiziala ere ez zenean, eta 22 lagun inguru geunden. Poliki-poliki futbola aldatu egin da, baina gure esentziari eutsi diogu eta kide berriei hori igorri diegu.

A: Gure gakoa errespetua da. Kanpotik etortzen diren zaletu batzuk inbaditzaileak izaten dira (Zaragozakoak, Xixonekoak...). Gehiago direnez, tokia eurena dela pentsatzen dute. Gure kasuan, kontrakoa da. Kanpora goazenean bertako giroan txertatzen gara, bertako lagunak egiten ditugu, hango denborak eta ohiturak errespetatzen ditugu, eta errespetu horrek balio digu Lehen Mailan Sevillara joateko eta arazorik ez edukitzeko, eta baita Harora joateko ere, Kopako partida ikustera, lehiaketatik kanpo gelditzeko prest. Futbola da eta lagunarteak duen gauzarik onena da badakigula irabazten, erraza ez dena, baina baita galtzen ere.

Lagunartean jende berria sartu denean, nola igorri diezue zuen esentzia?

A: Hor Josebak egiten du lan bikaina.

J: Denak ez dira berdinak, baina gure elkarbizitza ona da eta adin guztietako jendea dugu taldean. Badakigu giro onari eutsi behar diogula, Eibar animatu eta errespetua izan.

O: Hori da, kanpokoei errespetua zor diegu, baina gure artean ere berebizikoa da.

J: Ez da erraza. Nik neuk, sartu nintzenean, beteranoenen oharpenen bat jaso behar izan nuen.

A: Baten bat bidean ez dagoela ikusten ez badugu, jakinarazi egin behar zaio.

O: “Hau horrela da eta ez bazaizu gustatzen...”.

A: Gainera, lider bat dugu, Joseba, 22 urte daramatzana taldean, eta eredu dena. Eskatzen duena egin egiten duelako. Lana egitea eskatzen du, baina berak egiten du inork baino lan gehiago.

Zaletu moduan, nola bizi izan duzue taldeak izan dituen jaitsierak eta igoerak?

A: Lehen Mailara igo zenean ezin nuen sinestu. Gero, hainbeste urte maila horretan egin ondoren, pena eman zigun jaisteak, gainera COVIDaren sasoia zen eta hor hainbat gauza gertatu ziren. Zaletuak baztertuta sentitu ginen. Dena dela, asko laguntzen digu nortzuk garen jakiteak. Adibidez, aurreko zapatuan Zaragozan egon nintzen, demaseko hiri handia, eta demaseko zelaia ari dira eraikitzen, zerotik, ez da La Romareda atontzen ari direla, eta 1. RFEF jokatuko du datorren urtean. Hori ikusten duzunenean eta pentsatzen baduzu Eibarren garenak garela, demasekoa da lortu duguna. Ez dakigu demaseko meritua dugula.

SD Eibar Lehen Mailan ikustera ere ohitu ginen.

A: Generazio berrientzat, batzuek ia ez dute ezagutzen taldea Bigarren Mailan. Taldeak Lehen Mailan zazpi urte egin baditu eta gure lehen urteetan ez bagara enteratzen bizitzan zer gertatzen den...

Lehen Mailan egon edo Bigarren B Mailan, Eskozia La Brava beti egoten da animatzen. Inoiz ez duzue pentsatu amore ematea?

O: Lehen Mailan egotea oso erraza da, baina Bigarren B Mailan ere taldearekin bat egon behar da.

J: Gauden mailan gaudela edo sailkapenaren edozein postutan, Ipuruara animatzera etortzen gara. Gure animoekin jokalariei indarra eman eta beste zaletuak kontagiatu nahi izaten ditugu. Batzuetan oso gutxi egoten gara Ipuruan, beste batzuetan bete egiten da, baina gu beti gaude hor. Ipurua bete-beteta dagoenean eta denok abesten... Oilo Ipurdia jartzen zait.

O: Aurten hori ikusi da. Abenduan 3.000 lagun inguru etortzen ginen eta denboraldi amaieran 6.000 inguru.

A: Gero, partidak amaitzean, gure autoebaluazioa egiten dugu. “Gaur hobeto egon gara”, “gaur ez dugu ia animatu”...

J: Ni harmailara begira egoten naiz partidaren zatirik gehiena eta beti baloratzen dut nola egon garen: “zarata gehiago egin beharko genuke”, “gehiago animatu”...

Orduan, zuek ere partida jokatzen duzue?

DENEK: Noski!

Irabazten eta galtzen dakizuela esan duzue, eta egia da, gauzak oker joan arren, inoiz ez dela liskarrik edo horrelakorik izan.

A: Noizean behin, baten bat urduri jartzen da eta zerbait esan dezake, baina ulertu behar da lagun asko garela eta bakoitza bere etxekoa dela. Zure zaletasuna taldeari laguntzen erakusten baduzu, batzuetan frustrazioa ere neurri berdinean ateratzen da, oihuka egiten.

J: Batzuk hemen kexatzen dira, beste batzuk Ipuruatik irtetean, beste batzuk etxean, Twiterren...

Lagunartea sortu zenutenean SD Eibar-ek ez zuen emakumezkoen talderik eta orain maila gorenean dugu taldea. Etortzen zarete animatzera eta abar?

A: Aurten gutxiago. Pena da, baina ez da benetako konexioa sortu emakumezkoen taldearen eta zaletuen artean. Lehen 12-14 lagun elkartzen ginen euren partiduetan bonbo batekin. Guri asko gustatzen zaigu partida amaitzean, galdu ala irabazi, jokalariak agurtzera etortzea, bat garela esatea delako. Beste barik. Zentzu horretan, aurten ez da feelinga egon. Baina hori berreskuratu behar da. Lehen Mailan daude eta Eibarren irudia han eta hemen zabaltzen dute, ondo gainera.

Nola begiratzen diozue hurrengo denboraldiari?

A: Jon Magunazelaia taldean gelditu egin behar da. Taldean dugun eibartar bakarra da (beno bi ditugu, Guruzeta kontuan hartzen badugu), jokalari ona da, hasiera ona eduki zuen gero tokia galdu bazuen ere, aldageletan oso ondo baloratua da, bere kuadrilla ekartzen du Ipuruara... Horrek kezkatzen nau gehien orain. Berak ez badu jarraitzen, Caceresko edo ez dakit nongo norbait etorriko da, ez dena izango bera baino askoz ere hobea (hobea bada) eta aldagelara egokitzeko hilabeteak beharko dituena... Horretarako, hobe Magunazelaia geratzea.

O: Eibarren bizi da eta zaletuekin harreman zuzena du, gainera.

A: Cesar Palacios, mesedez, Magunazelaia geratu dadila.