Estaziño-Azitain pasealekua eraikitzeko lanek oinezko eta gidari askoren arreta erakarri dute asteburuan
Estaziñotik Azitainera bitartean, trenbide gaineko pasealekua egiteko lanek ikusmin handia piztu dute asteburu osoan zehar. Izan ere, pasealekurako pasarela-zatiak ipintzen dihardute, eta oso handiak diren bi garabi berezi erabiltzen ari dira horretarako.
Bidegorriarekin lotzeko pasealekuaren eraikuntza-lanak bi fasetan egingo dituzte: egunotan hasi den lehen fasean, 135 metrotan zehar plataforma bat instalatuko dute, tren geltokitik saihesbidearen jeitsieraraino doan tartean. Pasarela zati horiei eusteko zutabeak abenduan ipini zituzten, eta horretarako lanak Matxaria kaletik egin zituzten. Pasarela-zati guztiak ipintzen amaitu eta, jarraian, dena hormigoiztatuko da, pasealekua ikusgarriago egiteko.
Eta, bigarren fasea, pasealekua osatuko duten beste 930 metroei dagokie: saihesbidetik Azitaineraino doan tartean, Amañan dagoenaren oso antzekoa izango den arkupedun egitura jasoko dute, pasealekua bertatik joan dadin. Lan guztiak 2025. urteko udarako amaituta egotea espero dute.