Esteban Oroz izendatu dute Eibarko Artisten Elkarteko presidente
Esteban Oroz margolaria izango da hemendik aurrera Eibarko Artisten Elkarteko presidente berria, Jose Agustin Larrañagari erreleboa hartu ondoren. Txikitatik Eibarren bizi den margolaria Etxaurin (Nafarroa) jaio zen, eta aski ezaguna da batez ere aire libreko margo lehiaketetan izan duen ibilbide oparoagatik.
Datozen hilabeteetan abian jarri nahi dituen ekintzen artean, Portalean irekita dagoen erakusketa kolektiborako bisita gidatuen programa bat nabarmentzen da. Gogoratu beharra dago, erakusketa apirilaren 28ra arte egongo dela zabalik eta bertan herriko 37 artisten era askotako lanak ikus daitezkeela (marrazketa, pintura, grabatua, eskultura, zurezko tailaketa, zeramika, argazkia, damaskinatua…)
Halaber, hitzaldiak antolatuko ditu arte-adituekin, pintore klasikoen eta modernoen ibilbide artistikoak ezagutzeko. Gainera, irteerak antolatzeko asmoa ere dauka Orozek. Artistaren beste helburu bat tailer artistikoak abian jartzea da, eta Sani Entrenak akuarela tailerrak zuzenduko dituela aurreratu du.