...eta kitto! Euskara Elkarteak 6 opari zozketatuko ditu bazkideen artean

Bazkideak dira elkartearen aktiborik handiena, eta elkarrekin egindako ibilbidea ospatu eta eskerrak eman nahi dizkiegu haien laguntzagatik
...eta kitto! Euskara Elkarteak 6 opari zozketatuko ditu bazkideen artean
2024/03/26 09:26
eta kitto!

…eta kitto! Euskara Elkartearen jarduera, lorpen eta amets bakoitzaren bihotzean elkarteko bazkideak daude. Bazkideak gure elkartearen bizkarrezurra dira, Eibarren euskararen alde egiten dugun ahaleginaren bultzatzaile. Bihotzez aitortzen dugu gure eginkizunean duten garrantzia, eta merezitako aitortza egin nahi diegu.

Bazkideak dira elkartearen aktiborik handiena, eta elkarrekin egindako ibilbidea ospatu eta eskerrak eman nahi dizkiegu haien laguntzagatik. Horregatik, datozen asteetan, apirilaren 5etik ekainaren 7ra bitartean,  hainbat opari berezi  zozketatuko ditugu, gure bazkideentzat bakarrik. Sari hauek keinu hutsa baino gehiago dira; gure ondoan gure balioak babestuz eta gure ikuspegia partekatuz egon direnei merezi duten aitortza erakusteko modua da. 

Era askotako sei opari ditugu prest bazkideen artean zozketatzeko, emandako babesagatik gure esker ona adierazi nahi diegulako. Bazkide guztiak sartuko dira zozketan eta beraiek ez dute ezer berezirik egin behar. Bakoitzari zenbaki bat egokituko zaio eta automatikoki sartuko dira zozketan.

 

Eibar FT taldea ikusteko sarrerak  eta bazkaria Belaustegi jatetxean

Apirilean bi sari izango ditugu. Lehenengoa apirilaren 5ean zozketatuko dugu eta saridunak Eibar FT eta Alcorconen arteko partidua ikusteko bi sarrera eskuratuko ditu (partidua Ipuruan izango da apirilaren 21ean). Bigarren saria apirilaren 19an zozketatuko dugu, eta, kasu honetan, Belaustegi jatetxean bi lagunentzako degustazio-bazkaria izango da.

 

Otarra, robot aspiradora eta bazkaria Txurruka jatetxean

Maiatzean hiru sari potolo izango ditugu zozketatzeko. Alde batetik, maiatzaren 3an, frutaz betetako otarra banatuko dugu.Bestetik, Maiatzaren 17an, saria etxetresna elektriko bat izango da: robot aspiradora bat eskuratzeko aukera izango dute bazkideek, zehazki, `iRobot Roomba 692´robot aspiradora (Wifi konexioarekin). Eta hilabetea amaitzeko, maiatzaren 31n, Txurruka jatetxean bi lagunentzako bazkari ederra  zozketatuko da.

Ekainean banatuko dugu azken saria. Ekainaren 7an Zumaiako Hotel Talasoterapia Zelaian bi lagunentzako opari-bonu bat irabazi ahal izango dute bazkideek. Bertan sartzen dira 90 minutuko zirkuitoa eta denboraldiko menua.

Esan bezala, elkarteko bazkide guztiak sartuko dira zozketan, nola ez, eta, zozketak egin ahala, jakitera emango ditugu irabazleen izenak.

 

Zarelako Gara gizarteratze kanpaina martxan

Otsailaren 20an Zarelako Gara gizarteratze kanpaina abiatu zuen ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Herriak elkartea hobeto edo gehiago ezagutzea, zer den, zeintzuk dira bere balioak, zer egiten duen eta zertarako argi izatea lortu nahi dugu kanpaina honekin. Eta, horrekin batera, herritarrak bazkide egitea, gure balioekin, gure jardunarekin eta gure helburuekin bat egiten dutelako. Azken batean, babes soziala da guk lortu nahi duguna.

Hori dela eta,  gure elkartearekin bat egiteko gonbita luzatu nahi dizuegu eibartar guztiei, gure herrian euskara eta euskal kultura sustatu eta zaintzearekin konprometitutako elkarte honetan parte har dezazuen.  

Bazkide-kuota urtean behin ordaintzen da. 5 eurokoa da 16 urtetik beherakoentzat; 20 eurokoa langabetu, ikasle eta jubilatuentzat; eta 50 eurokoa lanean ari direnentzat. Gurekin harremanetan jartzeko 943200918 telefonora deitu dezakezue, elkartea@etakitto.eus helbidera idatzi edo www.etakitto.eus  webgunea erabili.