…eta kitto! Jaia goizez ospatuko dute aurten, urriaren 3an
…eta kitto! Euskara Elkarteak urriaren lehenengo zapatuan ospatu ohi du …eta kitto! Jaia, eta aurten ere hitzorduari eutsiko dio. Urriaren 3an, zapatuan, Untzaga plazan egingo da jaia, baina aurten berritasun batekin: lehen aldiz, goizez izango da, 11:00etatik 15:30era. …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu du jaia, Eibarko Udalaren, IPE Industrias Pampo eta Auto Desguaces Bergararen laguntzarekin.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko hamar sagardotegi baino gehiagoren sagardoa dastatzeko aukera izango da, txorizo- eta gazta-pintxoekin lagunduta. Sagardoaz gain, euskal giroa eta euskara izango dira egunaren ardatzak, herritarren artean euskaraz berba egiteko eta elkartzeko gune bat sortzea baita …eta kitto!-ren helburuetako bat.
Sagardoa egiteko modua, bertatik bertara
Sagardoa dastatzearekin batera, garai batean sagardoa nola egiten zen ezagutzeko aukera ere izango da. Dolarea martxan jarriko dute eta kirikoketa ere egingo dute, sagarrak txikitzeko erabiltzen zen tresna eta prozesua erakutsiz.
Musika ere ez da faltako. Eibarko Musika Eskolako ikasleek eta Asier eta Kike txalapartariek girotuko dute goiza. Gainera, aurten Ernesto Ezpeleta «Bihurri»k Desguaces Bergarak utzitako bi automobil erditik ebakiko ditu, herri-kirolen erakustaldi berezi baten barruan.
Jaian …eta kitto! Euskara Elkartearen poltsa gorriak eta grisak erosteko aukera izango da, horretarako prestatutako postuan.
Asier Sarasua, aurtengo omendua
Aurtengo …eta kitto! Jaian Asier Sarasua omenduko dute, Eibarren, euskararen eta naturaren inguruan egindako ibilbideagatik. Sarasua euskaltzalea eta naturzalea da, eta urteotan hainbat proiektutan parte hartu du, besteak beste, Eibarko hiztegia, Eibartarren Ahotan, Ahotsak.eus eta txoriak.eus egitasmoetan.
Horrez gain, Marisol Uriarte eta Julian Fernandez elkarteko lantaldeko kide ohiei ere aipamen berezia egingo diete. Hogeita hamar urte baino gehiago egin dituzte …eta kitto!-n lanean, euskararen eta euskara elkartearen alde.
Auzolana, jaiaren oinarrian
Eibarko Sagardo Egunaren ezaugarrietako bat auzolana da. Urtero 70 lagun inguruk parte hartzen dute jaia antolatzen eta egunean bertan behar diren lanak egiten, tartean …eta kitto!-ko bazkideek, elkarte gastronomikoek eta Berbalaguneko kideek.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, sagardo-dastaketa baino gehiago izan nahi du jaiak: euskara erdigunean jarri, euskaraz berba egiteko guneak sortu eta herriko giroa piztu nahi dute.