Etxebizitza egoera larriaren aurrean epe laburreko neurriak behar dituela dio Eibarko EH Bilduk

Etxebizitza politika urte luzez merkatuaren esku utzi izana kritikatu dute koaliziotik.
Etxebizitza egoera larriaren aurrean epe laburreko neurriak behar dituela dio Eibarko EH Bilduk
2026/05/20 11:25
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarrek etxebizitza egoera larriaren aurrean epe laburreko neurriak behar dituela dio Eibarko EH Bilduk. Ohar baten bidez adierazi dutenez, etxebizitzaren arazoa herritarren kezka nagusietako bat da, eta etxebizitza politika urte luzez merkatuaren esku utzi izana kritikatu dute. Koalizioaren arabera, merkatuak ez dio arazoari irtenbiderik eman eta, beraien iritziz, administrazio publikoek, Udalak bereziki, paper aktiboagoa jokatu behar du etxebizitza eskubidea bermatzeko. EH Bilduren ustez, epe luzeko zein epe motzeko neurriak behar dira egoerari aurre egiteko.
Epe luzerako proiektuen artean, PSE-EErekin adostutako hainbat egitasmo nabarmendu dituzte. Horien artean daude Barrena 34n, Lapeiran, egingo diren 20 etxebizitzak eta Txonta zein Errekatxurako HAPOaren aldaketa. Azken proiektu horrek 466 etxebizitza berri aurreikusten ditu: Txontan 436 etxebizitza eraikiko lirateke —229 libre, 8 tasatu, eta 199 babes ofizialekoak— eta Errekatxun beste 30, horietatik 15 babes sozialekoak.
Hala ere, EH Bilduren esanetan, proiektu horiek gauzatzeko urteak beharko dira, eta herritar askok premiazko irtenbideak behar dituzte. Gaur egun, Eibarren 1.358 elkarbizitza-unitatek etxebizitza babestua eskatzen dute, horietatik 1.212k alokairuan. Aldi berean, etxebizitza hutsen kopurua handia dela azpimarratu dute: iturriaren arabera, 1.018 eta 1.869 artean kokatuko litzateke kopurua.
Epe motzeko neurri gisa, Ego Gainen amaitzear diren alokairuko 36 etxebizitza babestuak eta Bittor Sarasketako gazteentzako 19 apartamentuak aipatu dituzte. Horrez gain, EH Bilduk defendatu du 1. eta 5. barrutiak eremu tentsionatu izendatzeko eskaera herri osora zabaltzea.
Koalizioak bereziki kritikatu du 2022an PSE-EErekin adostutako etxebizitza hutsen gaineko kanona oraindik ez martxan egotea. Azpeitiko adibidea jarri dute mahai gainean: han kanona ezarri eta urtebetera etxebizitza hutsen %11 mobilizatzea lortu dute. EH Bilduren kalkuluen arabera, neurri bera Eibarren aplikatuta, lehen urtean 111 eta 204 etxebizitza artean merkaturatzea lor liteke. Horregatik, galdera zuzena egin diote udal gobernuari: “Zeren zain dago PSE-EE etxebizitza hutsen gaineko kanona ezartzeko?”