Etxeko energia-kontsumoa aztertzeko doako maletina herritarren eskura jarriko dute
Eibarko herritarrek etxeetako energia-kontsumoa aztertzeko aukera izango dute doan, urriaren 24tik aurrera. Eibarko Udalak, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin lankidetzan, ‘Energia Argitu’ maletina jarriko du maileguan, etxebizitzen energia-eraginkortasuna ebaluatzeko eta energia-gastua murrizteko aukerak identifikatzeko. Ekimen hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Energia Argituz’ kanpainaren barruan kokatzen da.
Maletina erabiltzeko ez da aurretiazko ezagutza teknikorik behar. Sei tresna ditu: aire-ihesak hautemateko detektagailua, termometro-higrometroa, erradiadoreak purgatzeko tresna, entxufeetako kontsumo elektrikoa neurtzeko gailua, hozkailurako termometroa eta ur-emaria neurtzeko kronometroa.
Horrez gain, etxebizitzaren hainbat alderdi aztertzeko galdetegi gidatua ere badakar, argiztapena, berokuntza, ur beroa, isolamendua eta etxetresna elektrikoak, besteak beste. Horrela, energia-galerak eta kontsumo handieneko puntuak identifikatu, eta fakturan aurrezteko gomendio praktikoak jasotzeko aukera izango dute erabiltzaileek.

Hamar egunez maileguan
Maletina PEGORAn, Herritarren Arretarako Bulegoan, eskatu ahal izango da, hamar egunez erabiltzeko. Aurrez erreserba egin beharko da, 943 82 01 10 telefono-zenbakira deituta edo agenda2030@debegesa.eus helbidera idatzita.
Mailegua jasotzeko, erabiltzaileek materiala arduraz erabiltzeko konpromisoa hartu, nortasun-agiriaren fotokopia aurkeztu eta baldintzak onartzeko agiria sinatu beharko dute. Maletina itzultzean, entregatu izanaren adierazpena ere sinatu beharko dute.
Informazio-postua, urriaren 24an
Zerbitzua ezagutarazteko eta herritarren zalantzak argitzeko, Debegesak informazio-postua izango du urriaren 24an, 10:30etik 14:30era, Errebal plazan, Eibarko Kontsumo Arduratsuaren eta Ekologikoaren IV. Azokan. Bertan, Energia Bulego Birtualari buruzko informazioa ere emango dute. Zerbitzu horrek doako aholkularitza eskaintzen du energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien instalazioaren inguruan.
Azokan, halaber, Eibarko Tokiko Energia Komunitatearen (TEK Eibar) postua bisitatzeko aukera egongo da. 2024aren amaieran abiatutako ekimenak udal-eraikinetako estalkietan jarritako eguzki-plaken bidez energia berriztagarria modu kolektiboan kontsumitzea sustatzen du. Debegesaren arabera, 200 familia eta saltoki daude atxikita, eta 90 plaza libre geratzen dira oraindik.
Informazio gehiago jasotzeko, 900 85 96 99 telefono-zenbakira deitu edo info@tekeibar.eus helbidera idatzi daiteke.

