Europako Geoparkeen Astea ospatuko da hilaren 19tik 26ra
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi asteburu hartuko dituen egitaraua antolatu du eta hamar ekintza egingo dituzte guztira.
Geotalks saioa
Egitaraua maiatzaren 19an hasiko da Geotalks saioarekin. Ekimena 19:00etan hasiko da, Zumaiako Aita Mari antzokian, ‘Artearen sustraiak’ lelopean. Bertan, ‘La cueva Cosquer: Una obra maestra en prestamo’ film dokumentala emango dute (frantsesez, gaztelaniako azpitituluekin); eta Diego Garate arkeologoak (Kantabriako Unibertsitatea) hitzaldia eskainiko du eta, aldi berean, Aritz Pereda ilustratzaileak marrazkiak egingo ditu, Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak dinamizatutako saioan. Sarrera doakoa izango da denentzat, edukiera bete arte.
Saio bikoitza zapatuan
Maiatzaren 20ean bi saio egongo dira. Batetik, 09:15ean hasita, Geoparkeko faunaz eta floraz gehiago ikasteko aukera izango da Sastarrain Errekara egingo den irteerari esker. Euskal Herriko Unibertsitateko erreketako ekologia departamentuko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika saileko ikerlariak lagunduta erreketako biodibertsitatea aztertuko dute.
Ibilbidea Zestoako Lauiturrietako garbitokian hasiko da. Geoparkeko Ingurumeneko arduradun Gonzalo Torrek aurkeztuko du euskaraz eta gaztelaniaz egingo den landa-irteera eta, ondoren, Aitor Larrañaga eta Ioar de Guzmán (UPV/EHU), eta Anaïs Mitxelena (Aranzadi Zientzia Elkartea) adituekin abiatuko da taldea Sastarrain Errekara, bertako ekologia ezagutzera eta laginak hartzera. Ondoren, bildutako laginak Ekainberrin aztertzeko aukera izango da, proiektore baten bitartez.
Zestoara iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie parte-hartzaileei. Guztira, 30 lagunek parte har dezakete ekimenean, 15 pertsonako bi talde osatuko baitira. Aurrez izena ematea beharrezkoa da formulario honetan edo Debako turismo bulegoan (943 192 452).
Eguneko beste ekintza Mutrikun egingo da. Izan ere, Geoparkeak eta Mutrikuko Bertso Eskolak bisita gidatu berezia antolatu dute elkarlanean: ‘Zazpi hondartza, zazpi bertso’. ‘Nautilus, flyscheko fosilak’ izeneko bisitaren aldaera artistikoagoa izango den hau Mutrikuko Nautilus Museoan hasiko da, 16:30ean. Museoa bisitatu ondoren, portura jaitsi, itsasontzia hartu eta Zazpi Hondartzak itsasotik ezagutuko dituzte. Bisita osoa euskaraz egingo da eta bertsoz girotuta egongo da, izan ere, Mutrikuko Bertso Eskolako kideek bat-bateko lanekin aberastuko dituzte bisitaren zati guztiak.
Bisitak bi ordu iraungo ditu eta doan izango da. Guztira, 39 lagunek parte hartu ahalko dute ekimenean eta aurrez izena ematea beharrezkoa izango da bai formulario honen bidez baita Mutrikuko turismo bulegoarekin harremanetan jarrita ere (943 603 378).
Flyscha umeentzat
‘Flyscha umeentzat itsasontziz’ bisita gidatu berezia egingo da hilaren 21ean, 12:30ean. Domekakoa, 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ordubeteko bisita izango da eta euskaraz egingo da.
Itsasontziz joan-etorria egingo da, Deba-Zumaia biotopo babestuan barrena. 50 milioi urtetik gorako historia daukaten flyscharen labar ikusgarriak, 100 metroko lurjausiak itsasertzean, ezkutuko kalak eta Europan dagoen marearteko zabalgune handienetako bat ezagutuko dira bertan.
Ez da ordaindu beharko, baina aurrez erreserba egitea derrigorrezkoa izango da, formulario honen bidez eta Zumaiako turismo bulegoan (943 143 396).
Ekain abentura
Hilaren 26an, barixakuan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak historiaurrera jauzi egingo du, Deban. Hasteko, Geoparkeak antolatutako marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da udaletxeko arkupeetan, 18:00etan. “Labar-artea” goiburupean, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Lehen Hezkuntzako 6 eta 12 urte bitarteko ehunka ikaslek parte hartu dute lehiaketan.
Ekitaldiaren ondoren, Ekain Abentura tailerraz gozatzeko aukera izango da, 18:30etik 19:30era. Historiaurreko biziraupen-teknikak ezagutzeko jarduera praktikoa da Ekain Abentura: historiaurreko gizakiek sua nola egiten zuten ikasteaz gain, haiek bezala margotzeko modu desberdinak esperimentatzen dira.
Nautilus eta HAB
Hilaren azken asteburuan ate irekien egunak izango dira Mutrikuko Nautilus Museoan. Hilaren 27an (zapatuan), museoa doan bisitatzeko aukera izango da, honako ordutegiarekin: 11:30-14:30 eta 17:30-19:30. Domekan, maiatzaren 28an, berriz, museoa 11:30etik 14:30era egongo da zabalik eta debalde bisitatzeko moduan.
Mutrikuko Interpretazio Geologiko Zentroan, Nautilusen, material fosil bikainak erakusten dira, guztiak Mutrikuko flysch beltzean jasoak eta Jesus M. Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga senar-emazteek 40 urteko etengabeko lanari esker bildutakoak.
Egun berean, Deban, Historiaurreko Bailararen (HAB) ibilbidean bisita gidatu interpretatua egingo da. Anes Arrinda pasealekuan 09:45ean elkartuta, Sasiolako begiratokira joan-etorriko ibilbidea antolatu du Geoparkeak. Hainbat adituren eskutik egingo da bisita gidatu hau. Hain zuzen ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoa, UPV/EHUko Asier Gomez paleontologoa eta Jose Antonio Mujika arkeologoa eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario izango dira luxuzko bidelagunak.
Zumaia-Deba-Zumaia bisita gidatua
Asteko ekimenekin amaitzeko, hilaren 28an, domeka goizean, Zumaia-Deba (10:30, gaztelaniaz) eta Deba-Zumaia (11:30, euskaraz) itsasontziz egiten diren ordu beteko bisita gidatuak doakoak izango dira. Bisitan parte hartzeko geoparkea.eus webgunean aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da, #GPKastea kodea erabilita.
Antolatzaileek gogorarazi nahi dute irteera hau aukera paregabea dela Deba eta Zumaia arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga (edozein norabideetan) oinez egin nahi dutenentzat abiapuntura joateko. Itzultzeko beste aukera bat Euskotrenen Amara-Matiko/Matiko-Amara lineak izan daitezke, orduro zerbitzuak dituztenak.
Geoquedada
Aipatutako ekintzez gain, hilaren 19tik 21era, Geoparkeko hiru herrietan Geoquedada egingo da, geologiaren dibulgatzaileen eta zaleen topaketa. Ekimenak gaur egungo eta etorkizuneko joeren topaketa- eta garapen-ekintza izateko helburua du, baita ezagutza eta geologia arloekin lotutako ekintzen transmisiorako tresna ere.
Geologiaren Dibulgaziorako Batzordeak antolatutako topaketak Iberiar Penintsulako ondare geologikoa eta geoparkeen sarea ezagutaraztea eta zubilana egitea ditu xede. Izen-ematea ostirala 19ra arte egongo da zabalik, lotura honetan.