Europako Parlamenturako hauteskundeak - 2014: emaitza orokorrak

Europako Parlamenturako hauteskundeak - 2014: emaitza orokorrak
2014/05/26 00:00
eta kitto!

EH BILDU IRABAZLE EIBARREN, EAJ-REN AURRETIK
EH Bilduk 2.285 boto jaso ditu Eibarren Europako Hauteskundeetan, boto guztien %25. Gertutik jarraitu dio EAJ (2.212 boto eta %24), PSOE-EE hirugarren indarra izan da (1.955 boto eta %21). Urrutirago geratu dira PP (767 eta %8), Podemos (555 eta %6) eta IU-EKI (478 eta %5). Orain dela bost urteko hauteskuneekin konparatuta, sozialistek 1.288 boto galdu dituzte, popularrek 409 eta EAJ -k ia berrehun galdu ditu. EH Bildurekin zailagoa da konparaketak egitea: orain dela bost urte Alfonso Sastre buru zuen Iniciativa Internacionalistak 1.495 boto jaso zituen, eta Aralar eta EA elkarrekin zihoazen eta 654 boto lortu zituzten. Parte-hartzea %43koa izan da, orain dela bost urte baino zeozer altuagoa.
Hauteskunde hauek udalerakoekin ezin badira parekatu ere, emaitza hauekin estrapolazioa eginez horrela geratuko zen zinegotzien kopurua: EH Bilduk, 6; EAJ-k, beste 6; PSE-EEk, 5; PP-k, 2; eta Podemosek eta IU-EKI-k bana.

EH BILDU NAGUSI GIPUZKOAN ETA ARABAN ETA EAJ BIZKAIAN
EH Bilduk botoan %31 lortu du Gipuzkoan, EAJ zazpi puntura lagata (%24). Sozialistena hirugarren indarra izan da (%13), PP-k %8 eskuratu du, Podemosek %6 eta IU-k %5.
Bizkaian, ostera, EAJ jarraitzen du nagusi izaten (%31), EH Bildu bigarren izan da (%20), sozialistak hor ere hirugarrenak izan dira (%14), PP-k %10 lortu du, Podemosek %6 eta IU-k %5.
Araban oreka gehiago izan da aipatutako bi lurraldeekin konparatuta eta EH Bildu izan da boto gehien jaso duena: %20. Atzetik izan dira EAJ (%17), PP (%16), PSOE-EE (%15), Podemos (%8) eta IU (%6).

EAJ NAGUSI EUSKADIN ETA PP NAFARROAN, BAINA HEGO EUSKAL HERRIAN EH BILDU
EAJ-k (%28) izan da irabazle EAEn, EH Bilduren aurretik (%23). Sozialistak hirugarren postuan geratu dira (%14), PP-k %10 lortu du eta, jarraian, Podemos (%7), IU (%5), eta UPyD (%1,5) eta Primavera Europea (%1) geratu dira.
Nafarroan, bestalde, PP-k %25 lortu du, EH Bilduk %20, sozialistek %14, Izquierda-Ezkerrak %10 eta atzetik geratu dira Podemos, UPyD eta EAJ.

ESQUERRAK CIU-RI IRABAZI DIO KATALUNIAN
Alderdi abertzaleak nagusitu egin dira Katalunian eta, horien artean, Esquerrak %23) aurrea hartu dio CIUri (%21). Sozialistak hirugarren indarra izan dira (%14), Los Verts eta Esquerraren aurretik (%10). Eta PP bosgarren postura jaitsi da (%9).

ESTATUAN PP eta PSOE GALTZAILE NAGUSIAK, PODEMOS EZUSTEKO NAGUSIENA
Parte-hartzeak aurrekoari eutsi dio (%45) eta ez da espero zein beste jaitsi; Katalunian zeozer handiagoa izan da (%48). PP-k eta PSOE-k bost milioi boto galdu du bakoitzak eta popularrek bi eserleku gehiago izango dituzte sozialistek baino. Dena dela, lehen 50 eserlekutik bi partidu nagusiek 44 bazituzten , orain estatuan aukeratu diren 54tik 30 baino ez dituzte bien artean (zortzi esertoki galdu ditu bakoitzak). PP-k 16 eskuratu ditu, PSOE-k 14, Ezker Pluralak 6, Podemos-ek 5, UPyD-k 4, Europarako Koalizioak 3, Ezkerra Erabakitzeko Eskubidearen Aldek 2, Ciudadanos-ek 2 eta Herriek Erabaki eta Europako Udaberriak (Equo tartean) bana.

EUROPAN ALDERDI EUROESZEPTIKOAK GORA
Eskuin muturreko zein ezkerreko alderdi euroeszeptikoek igoera nabarmena izan dute maiatzaren 25eko hauteskundeetan. Horrela, Le Pen-en Fronte Nazionala nagusitu egin da Frantzian eta ezkerreko Syrizanena Grezian. Parte-hartzea hamar puntutan igo da, %43ra helduta. Eserlekuak honela banatuko dira: popularrak, 212; sozialistak, 185; Europako Herrien Koalizioak, 71; Ezkerrak, 67; Berdeak, 55... eta inskribatu gabekoek eta euroeszeptikoek gora egin dute nabarmen.

HAMAR EUSKALDUN EUROPARA
Ramon Jauregik, Iratxe Garciak eta Eider Gardeazabalak (PSE-EE), Pablo Zalbak eta Antonio Lopez-Isturizek (PP), Maite Pagazaurtunduak eta Fernando Maurak (UPyD), Izaskun Bilbaok (Coalición por Europa) eta Josu Juaristik (Herriek Erabaki), Iparraldeko Michelle Alliot-Marie popularrarekin batera, tokia izango dute Europako Parlamentuan. Guztira, hamar izango dira europarlamentari euskal herritarrak. Carlos Iturgaiz (Popularrak), bestalde, kanpoan geratu da, ate-atean. Herriek Erabaki guztira 322.000 boto baino gehiago eskuratu ditu estatu osoan eta, bestalde, EAJ-k, CIU-k eta Compromisok osatutako koalizioak 843.765 boto.