Euskal dantzaren adierazpena sinatuko da zapatuan
Zapatu eguerdian sinatuko da Eibarren Euskal Dantzaren Adierazpena, horrela, sinadura ekitaldiarekin, azken hilabete bietan garatutako elkarrizketa eta kontsentsu bilaketako prozesua biribilduta. Ekimenaren sustatzaileen berbetan, "prozesuan euskal dantza tradizionaleko sektoreko 160 kidek hartu du parte, bere proposamenak eta zuzenketak eginez, denen artean euskal dantzaren inguruko adierazpen hau kontsentsuz adostuz". Besteak beste, adierazpena adosteko prozesuan Bizkaia, Zuberoa, Nafarroa, Lapurdi, Araba eta Gipuzkoako dantzariek, dantza irakasleek, musikariek eta, oro har dantzazaleek jardun dute eta horiek guztiek bihar bat egingo dute gurean, Euskal Dantzaren Adierazpena-Biharamuneko soka-dantza ekitaldian. Adierazpenaren aurkezpena eta sinadura ekitaldia udaletxean egingo dituzte, 12.30etan eta, ondoren, parte- hartzaile guztiek, elkarri eskutik helduta, soka-dantza dantzatuko dute Untzaga plazan 13.00ak aldera. Biharko ekitaldiak, bestalde, datozen egunotan beste jarduera batzuekin jarraipena izango duen Eibarko Bonbardaketen 75. urteurrenaren harira antolatutako programazioari hasiera emango dio.