Euskal Herriko Mus Txapelketaren Eibarko kanporaketa urtarrilaren 30ean jokatuko da
Martxan da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketa herriz herriko kanporaketekin. Otsailaren 22ra arte iraungo du fase horrek eta hainbat herritan partidak jokatu dira dagoeneko. Eibarkoa urtarrilaren 30ean jokatuko da, 21:00etan hasita, Kili Kili tabernan; eta Debabarreneko beste herriei begira, Debako kanporaketa otsailaren 6an izango da, Zalburdi tabernan, 21:00etan, eta Soraluzekoa egun bat beranduago, Arrano elkartean.
Fase hau amaitzen denean, herrietako irabazleak herrialde bakoitzeko kanporaketetan lehiatuko dira martxoaren 7an, 15:00etan, Antzuolako udal pilotalekuan. Eta amaitzeko, final nazionala martxoaren 28an jokatuko da Amasa-Villabonan, musa eta jaia uztartuko diren egunean.
Sariak eta izen-ematea
Euskal Herriko Mus Txapelketan 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Txapeldunek, txapela janzteaz gain, 3.000 euro eta lau lagunentzako Karibera bidaia irabaziko dute; eta txapeldun ordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako Karibera bidaia. Gainera, 3. sailkatutik 16.era arte ere sariak banatuko dira, herrialdeko finaletan ere egongo dira garaikurrak eta parte-hartzaile bakoitzak kamiseta pare bat eramango du.
Izena emateko 20 euro ordaindu behar dira eta www.ehmus.eus webgunean egin daiteke agendan norberak bere herria aurkitzen badu. Bestela, herrian nork antolatzen duen edo non egingo den ikusi eta bertan galdetu daiteke izena nola eman.