Aste Santuko oporretarako haurrentzako tailerrak antolatu ditu Udalak

Aste Santuko oporretarako haurrentzako tailerrak antolatu ditu Udalak
2026/03/10 11:02
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Aste Santuko oporraldirako haurrentzako hainbat tailer antolatu ditu. Jarduerak 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta aurrematrikula egiteko epea martxoaren 13tik 22ra egongo da zabalik. Izena ematea online egin beharko da.

Haur Hezkuntzako (2020 eta 2021ean jaiotakoak) umeentzat jarduerak bi tokitan egingo dituzte: Jazinto Olabe Ludotekan eta Errebal Plazan. Bi txanda izango dira: lehenengoa martxoaren 30ean, 31n eta apirilaren 1ean, eta bigarrena apirilaren 7tik 10era. Bi kasuetan, ordutegia 09:30etik 13:30era izango da.

Bestalde, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleentzat “Portalean aisialdia” izeneko jarduera antolatu dute Portalea kultur etxeko hirugarren solairuan. Kasu honetan ere bi txanda izango dira: martxoaren 30etik apirilaren 1era bitartekoa, eta apirilaren 7tik 10era artekoa, goizeko 09:30etik 13:30era.

Tailerren prezioa 15 eurokoa izango da martxoaren 30, 31 eta apirilaren 1eko txandarako, eta 20 eurokoa apirilaren 7tik 10era egingo den txandarako.

Aurrematrikula egiteko, Udalak prestatu duen formulario elektronikoa bete beharko da. Epea amaitu ondoren, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte, eta taldeen antolaketa egingo da. Izena eman duten pertsonen kopurua gutxienekora iristen ez bada, jarduera ez da egingo; horren berri Eibarko Udalaren webgunean emango dute martxoaren 23an.

Bestalde, plaza kopurua gainditzen bada, ikasleen aukeraketa zozketa bidez egingo da. Zozketa martxoaren 24an, 10:00etan, egingo dute Portalean, eta emaitzak martxoaren 25ean, 12:00etan, argitaratuko dituzte.

Behin betiko zerrendetan agertzen diren ikasleek matrikula-orria beteta aurkeztu beharko dute tailerraren lehen egunean.