Euskal landa-eremuko LGTBIQ+ komunitatearen bizi-esperientziei buruzko hitzaldia eta erakusketa Andretxean

“Xerka” fotokazetaritza proiektuari buruz arituko dira Martxel Larraza eta Joseba Olagarai ostegunean (ekainak 4), 18:00etatik aurrera.
Euskal landa-eremuko LGTBIQ+ komunitatearen bizi-esperientziei buruzko hitzaldia eta erakusketa Andretxean
2026/06/02 13:30
Silbia Hernandez Arrazola

Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen dituen Xerka fotokazetaritza proiektuari buruzko hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu Andretxeak. Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek ostegunean (ekainak 4) emango dute hitzaldia, euskaraz, 18:00etan Andretxean. Eurekin batera, Nora Santos Loiola eta Ainhoa Azkue Leiza herritarrek ere euren lekukotza eskainiko dute. 
Antolatzaileen berbetan, “hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte hitzaldian. Ekimenak, hain zuzen, mezu positibo bat transmititzea du helburu: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari”. Jarduera irekia eta doakoa izango da. Erakusketa, berriz, solasaldiaren ondoren zabalduko dute, eta  ekainaren 10era arte egongo da ikusgai, Andretxeko Damaskinatzaileak erakusketa-gelan. LGTBIQ+ Kolektiboaren Eskubideen Aldeko Kanpainaren baitan antolatu dituzte biak.