"Euskalgintza eta feminismoa bidaikide" hitzaldia eskainiko dute Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek

Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen da Lorea Agirre eta Idurre Eskisabeleen liburuan
"Euskalgintza eta feminismoa bidaikide" hitzaldia eskainiko dute Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek
2024/12/09 13:25
eta kitto!

Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen dituen “Trikua esnatu da” liburua izango du oinarri hitzaldiak. Bertan izango dira liburuaren egileak,  Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel. Hitzaldia asteazkenean, abenduak 11, izango da Andretxean, 18:00etatik aurrera.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza prestatu dituzte Eibarko Udalak eta herriko eragileek, tartean asteazkeneko hitzaldia. Saioa irekia izango da.

Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, zein jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Gainera, hizkuntza eta generoa gurutzatu egiten direla badakigu, hizkuntz hautuak genero eraikuntzatik igarotzen direla eta alderantziz. Horrenbestez, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen da liburu honetan.