Euskaraldiaren gazte plataformarekin bat egitera animatu nahi dituzte 30 urtetik beherako eibartarrak
Maiatzaren 15etik 25era Euskaraldiaren laugarren edizioa burutuko da Euskal Herri osoan, eta Eibarren hori prestatzeko lanean hasita daude Eibarren Akebai eta herriko beste eragile batzuk. Hainbat bilera egin eta gero, aurreko astean aurkeztu zuten Eibarko Euskaraldiaren Hamaikakoa zeintzuk osatuko zuten adostu zuten guztiek elkarrekin. Horrez gain, gure herriko gazteak egitasmora erakartzea ezarri dute helburu nagusi modura, Euskaraldian beraien parte-hartzea handitu nahi dute eta. Asmo horrekin, otsailaren erdialdera gazte talde batekin bilera egin zuten, zer lortu nahi duten azaldu, eta helburu hori betetzeko zer egin daitekeen elkarrekin pentsatzeko. Bilera horren emaitza berehala etorri zen, han bertan erabaki baitzuten Eibarko Euskaraldiaren gazte plataforma eratzea. Adierazi dutenez, plataforma hori gazteek beraiek sortuko dute, eta kudeaketa ere beraien esku egongo da: “Herriko 30 urtetik beherako gazte guztiak daude gonbidatuta plataforman parte hartzera. Whatsapp talde bat ere sortu da eta, bertan sartu nahi duenak, kartelean dagoen QR kodea eskaneatuta egin dezake bat. Asmo nagusia gazte-taldeen arteko bileratxo bat antolatu eta, denen artean, Eibarko gazteria egitasmora hurbiltzeko egin daitekeenaz eztabaidatzea da”.