Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldiek aurrera diraute
Toribio Etxebarria jaio zela 125 urte bete direla eta, bera eta bere obra dira gaur (astelehena, abenduak 3) ospatzen dihardugun Euskararen Eguneko ardatza. Euskararen murala, Lexikoiaren irakurketa etengabea, plaka eta mahaingurua, horiek guztiak izango ditugu gaurkoan. Goizeko 09.00etan hasi da Toribio Etxebarriaren Lexikoia irakurketa publikoa udaletxeko pleno aretoan eta han izango dira arratsaldeko 19.00ak arte. Goizeko 09.00etan ere hasi dira Euskeraren Egunaren omenezko murala osatzen udaletxeko patioan. Hasierako irudia Jose Antonio Azpilikuetak marraztu du eta horren atzetik murala osatzen dihardute zerbait idaztera edo marraztera animatzen diren guztiak.
11.00etan plaka oroigarria ipini dute, bestalde, Toribio Etxebarria jaio zen etxean, Txirio kale 6an. Ekitaldian Eibar eta Txikio kalia bertsoak irakurri dituzte eta Musika Eskolako Iker Sanz irakasleak eta Maite Garcia ikasleak zeharkako txirularekin errenazimenduko pieza bat jo dute. Sansaburuko gela biko umeak ere han izan dira eta ikastetxera bueltatu aurretik talde argazkia atera dute plakarekin.
19.00etan Lexikoia irakurtzen amaituko dute Serafin Basauri, Antxon Narbaiza eta Asier Sarasuak eta jarraian mahaingurua hasiko da, Toribio Etxebarria eta bere sasoiko euskalgintza gaiari jarraituta. Toribiori buruzko lehiaketako irabazleek ere gaur arratsaldean jasoko dituzte sariak.