Euskararen Transmisiorako III. Mintegirako izen-ematea zabalik

Euskararen Transmisiorako III. Mintegirako izen-ematea zabalik
2013/04/08 00:00
eta kitto!

Maiatzaren 7an …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta Euskararen transmisioari buruzko III. Mintegia egingo da Portalean eta izen-emateko epea gaur (astelehena, hilak 8) zabaldu dute (maiatzaren 3ra arte). Parte hartu nahi duenak normalizazioa@etakitto.com helbidera idatzi (izen-abizenak, enpresa edo erakundea, telefonoa eta posta elektronikoa adierazita) edo 943200918 telefonora deitu dezake. Prezioa 25 eurokoa da, bazkaria barne (goizez edo arratsaldez bakarrik joateko aukera ere badago, 15 euro).
Mintegia goizeko 09.00etan hasiko da, Pablo Suberbiola soziologoaren "Arrue ikerketa 2011: emaitza nagusiak" hitzaldiarekin. Jarraian Joan Baptiste Coyos euskaltzainak gaur egungo euskararen transmisioa aztertuko du, Ipar Euskal Herriko kasua adibidetzat hartuta. Izaro Susperregi Urtxintxa eskolako soziolinguistika koordinatzaileak "Haurrek nola, gurasoek hala? Ideietatik aplikaziora" izenburukoa emango du ondoren. Haren atzetik Iñaki Pikabea psikologoak "Emozioen eta euskararen transmisioa familietan: etxean zer ikusi, hura ikasi" gaia jorratuko du eta goiza agurtzeko Paula Kasares soziolinguistak "Euskaldun hazi Nafarroan" hitzaldia emango du.
Arratsaldeko saioa 15.20etan hasiko da: Idoia Etxeberriak eta Asier Sarasuak Ahotsak.com proiektuaz eta ondare hori ikastetxeetan zabaltzeko aukeraz jardungo dute eta, ondoren, Kike Amonarriz soziolinguista eta aurkezleak gidatutako mahai-inguruak agurtuko du jardunaldia.