Euskaraz azpititulatutako pelikula biren emanaldiak
Euskara-Kultura batzordeak, euskaltegiekin elkarlanean, euskaraz azpititulatutako pelikula biren emanaldiak antolatu ditu eguaztenerako (martxoaren 5erako), Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira: Lukas Moodyssonek zuzendutako Lilja 4-Ever goizeko 09.45etan eta 19.00etan emango dute eta Kim Longinotto-ren Pink Saris 14.30etan. Proiekzioak Portaleko areto nagusian izango dira eta sarrera doan da.
Lilja 4-Ever pelikularen jatorrizko hizkuntzak suediera, errusiera eta ingelesa dira eta 18 urtetik gorakoentzat da eta Lilja, 16 urteko neskaren istorioa kontatzen du: Haren lagun bakarra Volodja izeneko umea da. Estoniako herri txiki eta pobre batean bizi dira bizitza hobeago batekin amets egiten. Liljak Andrej ezagutu eta maitemindu egiten da. Andrejek Suediara gonbidatuko du bizitza berri bat hasteko asmoz. Lukas Moodysson zinegilearen film ezagunenetarikoa da hau.
Pink Saris filma jatorriz hindi hizkuntzan dago eta 15 urtetik gorakoentzat da. Sampat oso gazte zela ezkontzera behartu zuten eta senarraren familiarengandik tratu txarrak eta esplotazioa bizi izan zituen. Haiengandik ihes egin zuen eta orain urteak daramatza emakumeen eskubideen alde borrokan, Uttar Pradesh eskualdean, Indiako iparraldean.