Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa aurkeztu dute

Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa aurkeztu dute
2012/09/11 00:00
eta kitto!

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eskutik eta beste herri batzuetan bezala, Euskaraz Bizi Nahi Dut herri-lasterketa egingo da Eibarren irailaren 22an eta horren inguruko azalpenak emateko aurkezpena egin dute gaur (martitzena, irailak 11) Portalean. Ekitaldian Xabi Zubizarreta (AEK Euskaltegia), Nerea Beitia (Udal Euskaltegia), Ainara Labado (…eta kitto! Euskara Elkartea) eta Mariano Luke (Eibarko Klub Deportiboa) izan dira eta horiekin batera lasterketa antolatzen Eibar Triatloi Taldeak eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteak ere badihardute. Euskararen aldeko lasterketa herrikoia herri barruan izango da eta bertan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena emateko aukera izango dute, Klub Deportiboan astelehenetik barixakura, 19.30etatik 20.30etara. Izen-ematea internet bidez ere egin daiteke, www.euskarazbizinahidut.org webgunean eta lasterketaren egunean bertan ere izena emateko aukera eskainiko dute, 10.00etatik aurrera.
Adinaren arabera lau lasterketa egingo direla aurreratu dute antolatzaileek: 6 urtera artekoek San Andres eliza paretik ekingo diote lasterketari, Calbetón kalea igaro eta Untzagaraino (200 metro); 6-11 urte bitartekoek Untzagan hasi, Calbetón pasatu, Zuloagatarrenen kaletik jarraitu eta Toribio Etxebarriatik egingo dute antxitxiketan (500 metro); 12-17 urte bitartekoek aurreko ibilbidea birritan egingo dute, 1.000 metroko ibilbidea osatuta; eta 18 urtetik gorakoentzat ibilbidea 5.000 metrokoa izango da (Untzaga, Calbetón, Julian Etxeberria, Toribio Etxebarria, udaletxearen atzeko aldetik Legarrera, handik Amañara, Torrekuan buelta eman eta Ego Gainetik Untzagara, Bidebarrietan behera Urkizu zeharkatu, Barrenara ailegatu aurretik Barakaldo kalerako errebuelta hartu, Urkizutik gora jarraitu Errebal, Toribio Etxebarria eta Untzagaraino, han amaitzeko).
Prezioak, berriz, honako hauek dira: haurren izen-ematea euro bi eta izen-ematea + kamiseta 7 euro; helduen izen-ematea 5 euro eta izen-ematea + kamiseta 10 euro.
Kamiseta hartu ala ez aukerakoa izango da eta ez da dortsalik izango. Lasterketan parte hartzen duten guztiei diploma emango diete, oroigarri gisa, eta diploman bertan zenbaki bat egongo da idatzita, egunean bertan egingo den zozketan parte hartzeko. Partehartzaile bakoitzak 3 opariren (argazki makina, mp3, bideokamera, presio-eltze elektrikoa…) zozketan parte hartuko du.