Euskeraren erabilera arautzeko ordenantza aho batez onartu da
Abenduaren 3an, Euskeraren Egunean udalbatzak aho batez onartu du euskeraren erabilera arautzeko ordenantza. Plenoa amaitu eta jarraian, alkatetzak idatziz aditzera emandakoari jarraituta, "gaur urtebete, udalarekin elkarlanean Eibarren euskeraren alde beharrean dabiltzan eragileek alkateari egindako eskariari erantzunez, eibartarron euskeraz bizi izateko nahiarekin bat eginez eta bide hori errazteko asmoz, Udalak konpromiso bat hartu zuen: euskeraren erabilera arautzeko, udal ordenantza bat onartzeko prozesuari ekin, eta araudi berria 2014ko Euskararen Egunerako onartzea. Eta urtebete igarota, Euskararen Egunean egindako udalbaltzaren bilkura berezian, Eibarko udalbatzak aho batez onartu du ordenantza hori".
Esther Kareaga Euskara-Kultura zinegotziaren berbetan, "Eibarren euskeraren normalkuntrzaren alde dihardugun eragile guztiek urte asko daramatzagu beharrean egunero egunero euskera bai udalean bai udalerrian komunikaziorako egiazko hizkuntza izateko eta baita bere erabilera normala izateko, bai kalean bai erakundearen barruan ere. Udaletik hamaika plan eta ekimen jarri ditugu martxan urtero Euskeraren Egunean argi geratzen den nahi bat bete ahal izateko: Eibarren euskaraz bizi ahal izatea. Ordenantza honen onarpenarekin helburu horren lorpenerako pauso garrantzitsu bat ematen ari gara, eta euskararekin dugun konpromisoa berresten".
EH Bilduko ordezkariek ordenantza onartzearekin batera, "orain borroka kalean dagoela" pentsatzen dutela azaldu dute, "euskeraren aldeko Plan Estrategikoari lehentasuna emateko beharra" azpimarratuta. EAJ-PNV-k, berriz, "ordenantza beti babestu duela" esan du eta gogor kritikatu du "alderdiak proposamena jaso orduko zuzenketa eta aldaketak egiteko denbora eta tarterik ez izatea, are gehiago ordenantzan zuzendu beharreko hainbat gauza antzeman ditugunean". Eta PP alderdiak, berriz, "ordenantza onartzeko egun seinalatua dela" esatearekin batera, ordenantza "legez eta bihotzez onartu behar dela" adierazi du.