Euskeriak 365 Egun Eibarren
Eibarren ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu datorren eguaztenean. Aldarrikapen zerrenda zabala eta bide luzea dugu oraindik egiteko, baina benetan poztekoa da Eibarren euskalgintzak erakusten duen indarra, gogoa eta gaitasuna, elkarlanean lan egin eta bide hori elkarrekin egiteko.
Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Jakin badakigu Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskera goraipatzen dela abenduaren 3an. Euskal Herri osoan ekitaldi mordoa egingo da eta Eibarren ere euskerarekin gozatzeko aukera paregabea izango dugu, euskalgintzan lanean diharduten taldeen elkarlanari esker.
Zentzu honetan, narbarmentzekoa da horrenbeste talde eta eragile biltzen dituen euskalgintza honek elkarlanean funtzionatzeko duen gaitasuna. Euskararen Eguna ez ezik, bi urtetik behin “Tantanez tantan”, Behategirako datu-bilketa eta beste hainbat lan ere egiten dituzte elkarlanean, beti ere giro atseginean eta emaitza onekin.
Aurreko urteetan bezala, hainbat bilera egin dituzte Euskararen Eguneko egitaraua antolatzeko. “Euskeriak 365 Egun Eibarren” goiburuarekin, helburua Euskararen Eguna kalean eta herritarren artean ospatzea da, eta horregatik deialdia egiten diete eibartar guztiei ekimenarekin bat egiteko.
Abenduaren 3an, eguaztenean, 19.00etan anbulatorio parean
- “Euskeriak 365 Egun Eibarren” goiburuarekin arratsaldeko 7etan hasiko gara Toribirio Etxeberrian. Anbulatorio parean dagoen lorategi txikian.
- DBHko 8 ikasleren artean egun honetarako prestatutako bertso-manifestua irakurriko dute.
- Kalejiran joango gara bertatik Untzagara.
- Kalejira berezia izango da, partehartzaileei argia ematen duen zerbait eramatea eskatuko zaie (kandela, kriseilu, linterna, frontal…).
- Untzagara heldutakoan, harmailen aldean, kandelekin aurtengo leloa osatuko da.
- Bertso-manifestua irakurriko da Untzagan, “Behin betiko” kantua abestuko da eta “Euskaraz bizi nahi dut” kantuaren doinuarekin dantza eginez amaituko da eguna.