Jaurlaritzak milioi bat euro emango dizkio Udalari Txontan egingo diren etxebizitza babestuetarako aparkalekua sortzeko
Eusko Jaurlaritzak iragarri du Gobernu Kontseiluak milioi bat euroko laguntza zuzena onartu duela Eibarko Udalak Txonta kaleko Ugartetxea eraikina erosi eta aparkaleku bihur dezan. Eraikinak hamarkadak daramatza hutsik, eta etxebizitza babestu berriek izango duten aparkalekua hartuko du.
Administrazioak azaldu du operazioa Txontaren berroneratze integralaren barruan kokatzen dela, eta Udalak une honetan lantzen duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketarekin bat datorrela, zeinak 200 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusten baitu.
Laguntzaren baldintzen arabera, Udalak 2025eko abenduaren 31 baino lehen erosi beharko du eraikina. Ordainketa bi fasetan egingo da: lehenik 500.000 euroko aurrerapena, eta gainerakoa erosketa egiaztatzen denean.
Jaurlaritzaren arabera, esku-hartzeak auzoaren eraldaketa, jasangarritasuna eta proiektuaren bideragarritasuna indartuko ditu, eta Euskadiko Hiri Agenda – Bultzatu 2050 ekimenaren helburuekin bat dator.