F Ligako SD Eibar-ek puntu bat ekarri zuen Granadatik
Sendo jarraitzen du F Ligako SD Eibar-ek. Atzo, urriak 4, Granada CF-ri egin zion bisita eta puntu bat ekarri zuen, hutsean amaitu ondoren. Meritu handiko emaitza izan zen, izan ere, Sara Martinek txartel gorria ikusi zuen 81. minutuan eta eibartarrek jokalari bat gutxiagorekin jokatu zituzten azken minutuak.
Granada jokoan gailendu zen, baina talde biek izan zituzten golak sartzeko aukerak. Aipatzekoa da Jujuba Cardozok egindako partida. SD Eibar-en jokalari ohiak bere kalitatea erakutsi zuen Granadaren elastikoarekin eta partidako jokalari onenaren saria jaso zuen. Hain zuzen ere, bera izan zen protagonista Sara Martinek txartel gorria ikusi zuen jokaldian.
Berdinketa horrekin, Eibar sailkapeneko 5. postuan dago orain, 11 punturekin, 4. doan Athletic-ekin berdinduta.